Geologiari begiratua

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko urriaren 20a

Urriaren 23tik 29ra izango da aurten Zarauzko Natura Astea, Arkamurka natur elkarteak antolatuta. Lau hitzaldik eta perretxiko erakusketak osatuko dute egitaraua.

Aurten ere Merkatu plazan egingo dute perretxiko erakusketa (Amaia Ventas Aldabaldetreku). Urtero legez, Arkamurka natur elkarteak Natura Astea antolatu du. Aurtengoa 38.a izango da eta geologia izango du ardatz. Ohi bezala, hitzaldiek eta perretxiko erakusketak osatuko dute urriaren 23tik 29ra arteko egitarau zabala. Guztira, lau hitzaldi izango dira; lehenbizikoa, hilaren 23koa. Hitzordu horretan likenen inguruan ariko da Felix Maria Goikoetxea biologoa. Hurrengo eguneko hitzaldia, hilaren 24koa, berriz, Arturo Apraiz EHUko Geodinamika Saileko kide eta geologiako irakasleak eskainiko du. Kasu horretan, Lurra izango du hizpide. Hilaren 25ean, asteazkenean, iraganeko klimaz ariko da Beñat Intxauspe EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko ikertzailea. Zarauztarrak iraganeko berotze orokorra hartuko du oinarritzat gaia jorratzeko.

Biribiltzeko, erakusketa

Perretxiko erakusketarekin emango diote amaiera asteari. Larunbat goizean Merkatu plazan sailkatuko dituzte askotariko onddoak,  igandeko erakusketa prestatzeko. Bertaratzen direnek artadi eta hariztietako perretxikoak aztertu ahalko dituzte. Horrez gain, txoko didaktikoa eta kontsulta gunea izango da. Halaber, Merkatu plazako lehenbiziko soilairuan Zarauzko inguru naturalaren inguruko erakusketa izango da ikusgai, Arkamurkaren 25. urteurrenerako prestatu zutena, zehazki. EGITARAUA Urriak 23, astelehena 20:15. Liquenes: misteriosos testigos silenciosos del tiempo y del espacio... hitzaldia, Felix Maria Garaikoetxea biologoaren eskutik. Urriak 24, asteartea 20:15. Lurra: sasoian dagoen planeta hitzaldia, Arturo Apraiz EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Geodinamika saileko kide eta geologiako irakaslearen eskutik. Urriak 25, asteazkena 20:15. Kolore, zapore eta usain bereziko iturrien jatorria eta erabilpena hitzaldia, Vicente Iribar EHUko Geodinamika saileko kide eta geologiako irakaslearen eskutik. Urriak 26, osteguna 20:15. Iraganeko berotze global bortitzei begira, etorkizuneko klima aurreikusiz hitzaldia, Beñat Intxauspe EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko  ikertzailearen eskutik. *Hitzaldi guztiak Arkamurka Natura Elkartearen egoitzan (Santa Marina 2-2) izango dira.   Urriak 28, larunbata Egunean zehar. Perretxiko sailkatzea Arkamurkako eta Aranzadiko partaideen eskutik, Merkatu plazan. Urriak 29, igandea 11:00-14:00 eta 16:30-19:30. Perretxiko erakusketa, kontsulta gunea eta txoko didaktikoa, Merkatu plazako beheko solairuan. Goiko pisuan Zarauzko inguru naturalaren erakusketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide