Aste honetan abiatuko dute Zarauzko udal aurrekontuen parte hartze prozesua

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko urriaren 17a

Zazpi bilera egingo dituzte, eta lehenengo biak ostegun eta ostiral honetan izango dira: Iñurritzan eta Azken Portun, hurrenez hurren. Agintaldiko Plana du oinarri Udal Gobernuaren aurrekontu zirriborroak.

Nekane Iribar eta Jesus Arana zinegotziak, parte hartze prozesuaren aurkezpenean (Aritz Mutiozabal). Behin 2018ko ordenantza fiskalei behin-behineko onespena emanda, udal aurrekontuen zikloari heldu dio Udal Gobernu­ak, eta aste honetan bertan jada herritarren parte hartze prozesua jarriko du abian. Aurrekontuen zirriborroa eginda dute, eta Ogasuneko zinegotzi Jesus Aranak jakinarazi du Agintaldiko Planarekin jarraituko dutela, «baina oraingoan ere haratago joan nahi dugu, eta herritarrekin harreman zuzena izan nahi dugu, haien proposamenak entzuteko asmoz». Azken urtetan bezalaxe, hiru bide izango dituzte herritarrek ekarpenak egiteko: auzoz auzo egingo diren zazpi bileretan –lehenengo biak, ostegunean (urriak 19) eta ostiralean (urriak 20) izango dira–, herrian ezarriko dituzten postontzien bidez eta posta elektronikoz. «Proposamenak bideragarriak eta egokiak iruditzen bazaizkigu, txertatu egingo genituzke», adierazi du Partaidetzako zinegotzi Nekane Iribarrek. Parte hartze prozesua bukatu ondoren, oposizioarekin bilerak egingo dituzte eta «adostasunetara» iristen saiatuko dira, abenduaren hasierarako aurrekontuak onartuta egon daitezen. PARTE HARTZE PROZESUA Auzo bilerak
  • Urriak 19, osteguna. Iñurritza-Mendilauta, Iñurritzako jubilatuen elkartean, 19:00etan.
  • Urriak 20, ostirala. Aritzabatalde-Azken Portu, Kristau Biltokian, 19:00etan.
  • Urriak 24, asteartea. Hiruerreketa, auzoko aparkalekuan, 19:00etan.
  • Urriak 27, ostirala. Zelai Ondo-Mitxelena-Itxasmendi, Aritzbatalde kiroldegian, 19:00etan.
  • Urriak 30, astelehena. Urteta, auzoko elkartean, 20:00etan.
  • Urriak 31, asteartea. Vista Alegre, auzoko egoitzan, 19:00etan.
  • Azaroak 2, osteguna. Alde Zaharra, udaletxean (Portuetxen), 19:00etan.
Postontziak Ekarpenak edo iradokizunak egiteko postontziak jarriko dituzte bihar bertan, ondorengo toki hauetan: udaletxe aurrean, Herritarren Arreta Zerbitzuaren parean, Iñurritza auzoan, Aritzbatalde kiroldegia, udal euskaltegian, Vista Alegre auzoan eta Sanz Enea kultur etxean, hain zuzen ere. Posta elektronikoa Posta elektronikoz ere egin ahalko dituzte herritarrek ekarpenak edo iradokizunak, aurrekontuak@zarautz.eus helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide