Gipuzkoako kostaldearen erdigunean dago Zarautz, Urola Kosta eskualdeko udalerririk handiena. 23.000 biztanle baino gehiago ditu, baina uda garaian aise igotzen da biztanle kopurua. Izan ere, turismoa du jarduera nagusietako bat, eta ehunka herritar joaten dira Gipuzkoako hondartzarik luzeenera gozatzera 2,8 kilometro ingurukoa da. Bertako uretan, bat egiten dute bainua hartzera joaten direnek eta herrian hain ezagun diren uretako kirol jarduerek. Hitz gutxitan, honela aurkeztu du herria Mikel Goenagak, Zarauzko EH Bilduren bozeramaileak: “Herri adeitsua da, eta oso erosoa bai bisitarientzat eta bai bertakoentzat. Jarduera ugari ditu, kulturarekin zerikusia dutenak batez ere”.
EAJren esku dago Zarauzko Udaleko alkatetza, eta Xabier Txurruka da alkatea. Jeltzaleek PSE-EErekin batera osatzen dute udal gobernua, eta EH Bildu da oposizioko indar nagusia. Irabazi Zarautzek, berriz, bi ordezkari ditu udalbatzan. Zarauzko udal gobernuak ez du adierazpenik egin nahi izan
Hitza-rentzat, eta, EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, etxebizitzarekin zerikusia daukatenak dira udalak esku artean dituen proiektu garrantzitsuenak. Hain zuzen, 1.095 etxebizitza eraikitzekoak dira Salberdinen, eta babestutakoak izango dira horietatik 575. Aldapetan, berriz, 30 etxebizitza tasatu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta datorren urtean dira eraikitzen hastekoak.
Artikulua osorik Gipuzkoako HITZAren Herriz herrin
Artikuluari lotuta Axi Muniain surflari zarauztarri elkarrizketa egin diote:
Axi Muniain: "Beti izan gara eskuzabalak; kanpotarrekin banatu ditugu olatuak"