Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotzia, Oihane Aisa herriko ikastetxeetan 'Ongi etorri eskolara' proiektua kudeatuko duena eta Dorleta Mikeo Elkarrekin kooperatibako kidea, aurkezpenaren ondoren. (A. Ventas Aldabaldetreku)
Ongi etorri eskolara proiektua jarri dute martxan Orokieta eta Antoniano ikastetxeetan, eskoletan kultur artekotasuna lantzeko helburuarekin. Kultur aniztasuna ikastetxe guztietan lantzen dela argitu du Elkarrekin kooperatibako kide Dorleta Mikeok, baina lanketa hori "ikasgelan gelditzen" dela. "Irakasleek eta ikasleek jorratzen dute gaia, baina ez da ikastetxe osora zabaltzen. Proiektu honekin eskolako komunitate osoa inplikatu nahi dugu".
Hala, irakasleez eta ikasleez gain, ikastetxeetako gainerako langileak eta gurasoak kultur artekotasunaren lanketan parte hartzeko asmoarekin sortu dute
Ongi etorri eskolara egitasmoa. Mikeok jakinarazi duenez, duela hiru ikasturte jarri zuten martxan Donostian emaitza "oso positiboekin" eta, esperientzia horretan oinarrituta, orain Zarautzera iritsi da.
Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak zerrendatu ditu programa berritzaile horren edukiak zeintzuk diren: ikastetxe barruan kultur aniztasuna ezagutu eta lantzea, "mehatxu gisa baino aukera bat" dela ikusaraziz; kanpotik etorritako ikasleei harrera ona ematea; familiei laguntza eskaintzea eta aniztasuna jorratzeko ikastetxeetan egindako lana herrian erakustea, Zarautzen kultura asko elkarbizi direla azalduz.
Familia lagunak
Familia laguntzari dagokion alderdia da egitasmoko arlo nagusia.
Familia laguna programaren bidez askotariko sendiak batzen dituzte, bertakoak zein kanpotik etorritakoak. Zehazki, gela bereko haurren familiak elkar aurkezten dituzte, binaka, elkar ezagutu dezaten; horietako bat bertakoa izango da eta bestea atzerritik heldutakoa eta haien seme-alabak, berriz, eskolara iritsi berriak.
"Eskolarako egokitzapen horretan, hasieran, hizkuntza ez ezagutzeagatik eta eskolarizazio sistemak ere bestelakoak direlako, bertakoak ez diren familiak askotan galdu samar ibiltzen dira. Egokitzapen hori samurragoa izan dadin eta ongi hartuak direla senti dezaten, etorri berriek familia lagun bat izango dute eskolari dagokion informazio guztia eskaini eta babesteko", azaldu du Mikeok.
6-12 urte bitarteko haurren familiek ikastetxeetan eman dezakete izena
Familia laguna programan parte hartu ahal izateko. Aurreratu du aurreko ikasturtetik ari direla Orokieta eta Antonianoko familiei eta, oro har, eskola komunitate guztiari informazioa helarazten eta "harrera ona" izan duela programak.
Gaia eskola barruan lantzeaz gain, Kamiok jakinarazi du gurasoekin ere sentsibilizazio lana egiten dutela, formazioa eskainiz eta hainbat jarduera eginez. Halaber, eskolan egindako lanketa hori herrira ateratzeko asmoa ere badutela dio, bertako eragileei proiektua azalduz eta haien ekitaldietan kultur artekotasuna kontuan har dezaten proposamenak eginez. Gainera, kultur aniztasunarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzeko intentzioa dute, agente guztiak inplikatuz.
"Denok gara zarauztarrak"
Zorrozuak nabarmendu du programa hori "ezinbestekoa" dela; izan ere, "migrazioek aurrera jarraitzen dute: "Azken urteotan 17 haur iritsi dira gure herrira matrikula epez kanpo". Julen Aranguren Immigrazio teknikariak azaldu du duela urte batzuk herrira heldu ziren emakumeek euren seme-alabak ari direla ekartzen, eta "lehentasunezkoa" dela gazte horien integrazioa lantzea, aukera berdintasuna bermatze aldera. Horregatik udalak hainbat proiektu bultzatu ohi dituela gogoratu du, besteak beste, etorri berrien artean euskara sendotzeko zein etxeko lanak egiten laguntzeko .
"Ongi etorri eskolara ere horren barruan kokatzen da. Etorkizunean herri kohesionatu bat nahi badugu, jendearen arteko ezberdintasun horiek landu beharra dago", nabarmendu du Arangurenek. Zorrozuak gaineratu du programa horrek haur horien integrazio eta egokitzapena erraztuko duela, eta baita haien familiena ere. "Migrazioez ari garenean, ezinbestean integrazioaz ari gara. Helburua etorri berrien integrazioa da", dio Immigrazio zinegotziak: "Baina integrazioa ez asimilazio kultural gisa ulertua. Elkarrekiko ezagutza eta errespetuaren bitartez denok herriko kide garela sentitzea baizik. Kultur aniztasuna errespetatuz denok lekua dugun herria eraikitzen ari gara".