Ezkio batuta, lau probak osatuko dute Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 29a, 20:55

Aurkezpenean izan diren antolatzaileak eta babesleak, txapelketako lasterketen kartelekin. (Mailo Oiarzabal) Gaur aurkeztu dute Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketa. Iaz martxan jarritako egitasmoak berrikuntza nagusi bat izango du arten. Izan ere, Ezkioko lasterketa batu zaie aurten Azpeitikoari, Errezilgoari eta Zarauzkoari eta, horrela, lau probak osatuko dute liga moduan jokatuko den txapelketa. Ezkiokoa, gainera, mendi lasterketa izango da, "baina edonork egiteko modukoa", 5,8 kilometrokoa, Aritz Egea antolatzaileak adierazi duenez. Egearekin batera aurkeztu dute txapelketa Jon Ziarsolo Errezilgo antolatzaileak, Jon Garate Azpeitikoak, eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udalaren Kirol batzordeburuak.. Zarautz Kirol Elkarteko antolatzaileek ezin izan dute egon. 2016an bezala, Azpeitian hasiko da txapelketa, urriaren 28an. Hau da lau proben egutegia: - Urriak 28, larunbata: Azpeitiko Herriarteko VIII. Kros Mistoa (6,2 kilometroko ibilbidea, 18:30ean hasita). - Azaroak 19, igandea: Errezilgo III. Kros Mistoa (6,5 kilometro, 11:30). - Azaroak 25, larunbata: Ezkioko I. Mendi Lasterketa Mistoa (5,8 kilometro, 10:30). - Abenduak 3, igandea: Zarauzko XXXIX. Kros Mistoa (7,5 kilometro, 11:30). Txapelketaren araudia iazkoaren oso antzekoa izango da, baina berezitasun batekin: txapelketan puntuatzeko, gutxienez lautik hiru probatan parte hartu beharko dute bikoteek. Iaz mila inguru izan ziren txapelketan parte hartu zuten bikoteak, baina 17k bete zituzten azken sailkapenean sartzeko baldintzak, eta "aurten gehiago izatea" espero dute antolatzaileek. Proba bakoitzean antolatzaileek beraiek erabakitako toki fisikoak izendatu ditzaketen arren, txapelketan parte hartzeko Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena. Lasterketa bakoitzean 20 eurokoa izango da bikoteko izen-ematea; lehen hiru lasterketetan parte hartu duten bikoteek, ordea, 5 euro besterik ez dituzte ordaindu behar izango Zarauzkoan parte hartu nahi badute. Hauek dira araudiaren beste puntuak:
  • Txapelketan lehiatzeko, bikoteak berdina izan behar du hiru lasterketetan. Bikotean aldaketak onartuko dira lesioak tarteko eta mediku-agiria aurkeztuta, beti ere. Kasu horietan, aldaketak izan dituen bikoteari bost minutuko penalizazioa ezarriko zaio.
  • Hiru lasterketetan egindako denboren baturarekin erabakiko da txapelketaren sailkapena. Sari banaketa Zarautzen egingo da, azken probaren ondoren.
Herritarrak kirola egitera bultzatzea eta berdintasunaren eta parekidetasunaren balioak sustatzea izango dira bigarren edizio honetan ere antolatzaileen helburuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide