Adin tartea zabaltzeaz gain, aurrerantzean doakoa izango da Zarauzko ludoteka

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko irailaren 29a

Igandean ekingo dio ikasturte berriari. Astean zehar 4 eta 8 urte bitartekoentzat izango da, eta asteburuetan 9 eta 11 urte artekoentzat. Ludotekaren logo eta izen lehiaketa ere jarri dute abian.

Ludoteka egungo beharretara egokitu du Gazteria sailak (Zarauzko Udala). Hainbat berrikuntzekin zabalduko ditu ateak ludotekak (Iturribide plaza, 24-26), igande honetan. Alde batetik, adin tartea zabaltzea erabaki du Gazteria sailak, eta aurrerantzean 4 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek izango dute bertaratzeko aukera. Bestetik, zerbitzua doan eskainiko dute, inolako kuotarik ordaindu gabe. Ludotekako zerbitzuen analisia egin ondoren, egungo beharretara egokitu dutela aditzera eman du Jon Andoni Urdangarin Gazteria zinegotziak: "Ludotekara haurtxoak bakarrik joan ohi zirela ikusi dugu, eta 11 urteko gaztetxoek joateko aukera zuten arren, ez zirela joaten. Hortaz, aste barruan zerbitzua beharretara egokitu dugu eta, orain, asteburuetan ere zerbitzua eskainiko dugu 11 urtera arte". Adin horretako gaztetxoak asteburu arratsaldeetan kalera irteten direla eta, "zerbitzua libre eskaintzeko beharra ikusi dugu, gaztelekuan nerabeen zerbitzua eskaintzen dugun moduan, bakoitzak askatasun osoz nahi duenean bertaratzeko ludotekara". Horrela, 4 eta 8 urte bitartekoek astelehenetik ostiralera izango dute ludotekara joan eta bertako zerbitzuez gozatzeko aukera, 16:45etik 19:30era. Gaztetxoek, 9 eta 11 urte bitartekoek, berriz, larunbatetan eta igandetan, 17:00etatik 20:00etara.

Logo eta izen lehiaketa

Ludotekako logoa eta izena hautatzeko lehiaketa bat jarriko du martxan Gazteria saileak herriko gazteen artean. Zarauzko ikastetxeen bitartez, LH4 eta LH6 bitarteko ikasle zarauztarrek, bakarka edo taldeka, parte hartu ahal izango dutela jakitera eman du zinegotziak. Alde horretatik, herriko gaztetxo denak animatu ditu parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide