Ikaslaguneko zenbait kide (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Irakasle ohi batzuek Ikaslagun taldea sortu zuten iaz, Zarauzko Udalak bultzatuta, ikasketetan laguntza behar baina laguntza hori jasotzeko aukerarik ez duten haurrei zerbitzua eskaintzeko asmoz. Iazko esperientzia guztiz atsegina eta aberasgarria izan zela aitortu dute taldeko kideek, bai ikasleentzat bai boluntarioentzat, eta aurten ere ikasturte berriari ekingo diote, orain artekoari jarraipena emateko.
Zerbitzua aurrera eramateko, gogoa eta gaitasuna duten irakasleak behar dituztela jakitera eman du taldeak. «Astean behin edo bitan ordu eta erdiz haurrei eskaintzeko konpromisoa da hartzen duguna. Ez dago bestelako baldintza berezirik», nabarmendu dute. Interesatuek 943-01 34 53 telefono zenbakira deitu dezakete. Era berea, guztia prestatzeko bilera bat egingo dute urriaren 3an, datorren asteartean, 17:00etan hasita, parrokiko lokaletan.