Gaur, 42 urte dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot
Txiki eta FRAPeko beste hiru kide hil zituela, eta urtemuga dela eta, Zarauzko eta Azpeitiko Nuarbe auzoko hilerrietara bisitak egin dituzte dozenaka herritarrek.
Zarauzko hilerriko ekitaldia eguerdian egin dute Ahaztuak 1936-1977 antolatuta. Txikiren familiako kideak, herritarrak eta erakundeetako ordezkariak izan dira bertan, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiko
bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakero nahiz Zarauzko EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarautz udal taldeetako kideak. Honako lotura honetan ikus daitezke Zarauzko hilerriko irudiak.
Azpeitian, berriz,
elkarretaratzea egin dute herriko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ehundik gora ikaslek gaur eguerdian. Sanjuandegiko biribilgunean elkartu dira 12:00etan,
Herri zahar batek bide berritik ekingo dio ametsari lelopean.
Arratsaldean, 19:00etan, aldiz, dozenatik gora herritar Nuarbeko hilerrian izan da, Otaegiri lore eskaintza egiten. Han izan dira, besteak beste, haren familiakoak eta gertukoak, zenbait herritar eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Udal Gobernuko hainbat ordezkari. Etxeberriak hartu du hitza ekitaldian, eta hark Otaegiren senideen sufrimendua nabarmendu du: "42 urte hilerriko aldapa igotzen eta ez datorren justizia eskatzen". Azpeitiko alkateak nabarmendu du Otaegiren senideek babesa eta animoak behar dituztela. "Etorkizuna konfiantzaz eta iraganeko lezioak kontuan hartuta eraiki behar dugu, eta orain da horretarako unea", esan du. Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak
Al Alba poema euskarara ekarrita irakurri du ekitaldiaren bukaeran.
Bestalde, Otaegiren familiak eta Azpeitiko Udalak atzo jakinarazi zuten duela urtebete hilketaren ardura argitzea eskatzeko jarri zuten kereila ez zuela onartu tramitera Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Horrenbestez, Espainiako auzitegi arrunten bidea agortuta, udalak eta familiaren abokatuak jakinarazi zuten kasua
Argentinako kereilara bideratuko dutela.
Egitasmo gehiago asteburuan
Gudari Egunaren barruan antolatutako ekitaldiek asteburuan izango dute jarraipena. Zapatuan, irailak 29an, mendi martxa egingo dute Azpeititik Nuarbera, Otaegiren sorlekura. 10:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 13:00etan, ekitaldia egingo dute auzoan. Ondoren, bazkaria izango da Nuarbeko frontoian, eta otordurako txartelak aurrez eros daitezke Orkatz tabernan. Ikasleek eta langabetuek zortzi euro ordaindu beharko dute, eta langileek, 12 euro. Egunean bertan, berriz, soldatadunek 15 euroren trukean eskuratu ahalko dituzte txartelak, eta gainontzekoek, 12 eurotan.
Horrez gain, urteroko legez, Txiki gogoan izango dute Katalunian. Hain zuzen ere, larunbatean, 12:00etan hasita, ekitaldia egingo dute Bartzelonako Cerdanyola del Valles herrian.