Dokumentala soinurik gabe geratu da

Aritz Mutiozabal 2017ko irailaren 22a

Zarauzko I Love Rock kultur elkarteak Rockumentalak! rock dokumentalen zikloa antolatzeari utziko dio, besteak beste, ekoizpen aldetik «gero eta exijentzia handiagoa» eskatzen duelako urtetik urtera.

[caption id="attachment_325938" align="aligncenter" width="300"] Vulk taldea aurtengo zikloan ( J.A. Areta Goñi 'Juxe'). Vulk taldea aurtengo zikloan ( J.A. Areta Goñi 'Juxe').[/caption] Sare sozialen bidez eman zuten jakitera duela pare bat aste: «I Love Rock kultur elkartetik Zarauzko Rocku­mentalak! zikloaren amaieraren berri eman nahi dugu». Arrazoiak hainbat izan direla esplikatu du elkarteko kide Iñigo Artetxek: «Ekoizpen aldetik gero eta exijentzia handiagoa zuen. Hamar urte ere hamar urte dira, eta ilusioa ere ez da hasierako bera, normala den bezala. Proiektuak hartu duen dimentsioak gugan ere higatze txiki bat eragin du, eta elkarteko kideon arteko erlazioa degradatu aurretik uztea pentsatu dugu uztea». Joan den maiatza eta ekaina bitartean ospatu zuten rock dokumentalen hamargarren jaialdia, eta «oraindik ekitaldia goian dagoela uztea» egokiena dela iritzi dio, «zenbaki biribila eta ederra baita». Egitasmoak gain hartu diela nabarmendu dute, nahiz eta «kanpotik guztia eginda ikusi, eta askoz ere txikiagoa dirudien». Antolakuntzako lan handia eskatzen duela dio Artetxek: dokumentalen aukeraketa, baimenak eta tramite guztiak, musika taldeen kontratazioekin beste horrenbeste, baita aurkezle gisa gonbidatzen zituzten jendearekin ere... «Azkenean, gauza bat dela eta bestea dela, urtebeteko lana da, eta gero horri jaialdiak irauten duen hilabetea gehitu behar zaio, sekulako zoramena izan ohi dela». Argi eta garbi utzi du I Love Rock elkartea lagunarte bat dela; hau da, ez direla profesionalki halako ekitaldiak antolatzera arduratzen. «Kide bakoitzak bere lanbidea du, eta askotan jaialdiarekin zerikusia duten deiak jaso izan ditugu lanordutan. Zikloa handitzen joanden bezala, kontu horiek ere areagotzen joan dira urtetik urtera». Rockumentalak!-en lekukoa besteren batek hartuko balu, inolako arazorik ez luketela izango adierazi du Artetxek. «Be­tiere, orain arteko filosofiarekin eta maitasunarekin jarraituko balu, noski». Hori bai, hasieratik Zarautzerako pentsatutako eskaintza bat izan dela azaldu du, eta beste herri batera eramateari ez diotela zentzu handirik ikusten. Urte hauetan herriko hainbat tokitan ospatu dira egitasmoaren ekitaldiak: Lizardi antzokian, Putzuzulon, Photomuseumen... Baina proiektuaren epizentro garrantzitsuena Modelo aretoa izan da. «Beti sinetsi dugun espazio bat izan da, eta bere ibilbide berrian, laster datorkion eraberritzearen ondoren, onena opa diogu», nabarmendu zuten elkartekoek agurreko oharrean. Rockumentalak! desagertuko bada ere, I Love Rock-ek aurrera segituko du elkarte bezala. «Mo­mentuz, ordea, ez daukagu beste ezer buruan. Baina elkar ezagutzen dugu, eta nahiko ipurterreak gara. Une jakin batean norbaitek zerbait egiteko proposatzen badigu, ez dugu ezer baztertzen. Orain, ordea, deskonekzio prozesu batean murgildu gara, eta ajea pasatzen zaigunean ikusiko du­gu zer egin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide