Irudietan: Zarauzko Euskal Jai Eguna

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko irailaren 9a

Iragarpenak bete egin dira eta goizetik eguraldi gorabeheratsua ari du egiten. Horrek, ordea, ez du zapuztu Euskal Jai Eguna. Apurka-apurka bada ere, jende ugari joan da biltzen herriko askotariko gunetan, izan Frontoi Txikin goiztiarrek antolatutako ekitaldietan; izan Musika plazako Larrain dantzan; izan Lege Zaharren enparantzako erromeria eta orga lehiaketan; izan Alprojaren Galtzanblea antzezlana ikusteko, besteak beste. Eguraldi txarra medio, Aritzbatalde pilotalekuan eskaini du aurten Zarauzko antzerki taldeak Euskal Jai Eguneko ohiko antzezlana. Jendetza bildu da Galtzanblea lana ikusteko; hain zuzen ere, aise bete dira frontoiko 320 tokiak eta hainbat lagun kanpoan geratu dira. Euskal Jai Egunean antzerki taldeak eskaintzen duen 40. lana izan da gaurkoa. Orga txapelketa, berriz, Pako Astigarragak irabazi du eta Iñigo Arrillagak, berriz, epaimahaiaren saria jaso du. Iaz Arrillagak irabazi zuen estreinakoz antolatutako sariketa hori. Guztira, 13 orga aurkeztu dituzte. Guztiek jaso dute saria, epaimahaiak hala erabakita. Ikusi Zarauzko Hitzaren webgunean Euskal Jai Eguneko giroko, Alproja taldearen antzezlaneko zein Orga Lehiaketako argazki bildumak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide