Ekhine Eizagirre: "Egungo testuinguru politikoa aintzat hartu beharko luke epaimahaiak"

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko irailaren 6a

«Urduri», baina aldi berean «indartsu» sentitzen dela onartu du preso zarauztarrak. Gaur eta bihar epaituko dute Parisen, beste bost lagunekin batera, ETAko talde logistikoko kide izatea leporatuta.

Ekhine Eizagirre. 2013an atxilotu zuten Ekhine Eizagirre (Zarautz, 1984), beste bost lagunekin batera, ETAko talde logistikoko kide izatea egotzita. Lau urte pasatxo geroago, haien kontrako epaiketa egingo dute gaur eta bihar Parisen (Frantzia). Itxaronaldia «luzea» eta «astuna» egin zaiola adierazi du preso zarauztarrak: «Espetxeari aurre egitea eguneroko borroka da». Epaiketaren atarian, Fresnesko espetxetik erantzun dizkio Urola Kostako Hitzaren galderei. Nola sentitzen zara epaiketaren aurrean? Alde batetik, urduri. 2013ko maiatzean atxilotu eta espetxeratu gintuzten, eta lau urte eta erdi geroago epaituko gaituzte. Bestalde, epaiketari begira, indartsu sentitzen naiz; izan ere, azken asteotan ondoko kideek izugarri babestu naute eta oso gertu sumatu ditut herritarren eta ingurukoen elkartasuna eta maitasuna. Bi egunetan deklaratu beharko duzu? Kontaiguzu nola izango den eta zein prozedura jarraituko duen. Epaiketa asteazken [gaur] eguerdian hasiko da, eta ziurrenik biharamunean amaitu. Epaitegia euskal militanteak zigortzeko eremua dela badakigu, eta horregatik ez diegu erantzungo epailearen eta fiskalaren galderei. Aitzitik, epaituko gaituzten kideon artean adostu dugun testua irakurriko diogu epaimahaiari, gure jarrera zein den azaltzeko. Zer da fiskaltzak eskatzen duena eta, aitzitik, zein izango da zuen defentsa? Ez dakigu fiskaltzak zer eskatuko duen, hori epaiketan jakingo dugu. Guri dagokigunez, defentsa politiko eta juridiko orokorra egingo dugu, eta epaimahaiari eskatuko diogu gure herriko egoera aintzat har dezala, eta mendekuzko politikak baztertu ditzala gatazkaren konponbidean aurrera egiteko behingoz. Epaiak nondik joko duela uste duzu? Ez daukat ideiarik ere. Dakiguna da epaia erabaki politiko bat izango dela. Alabaina, iruditzen zaigu epaimahaiak egungo testuinguru politikoa aintzat hartu beharko lukeela. Lau urte eta erdi kartzelan eman ondoren dator epaiketa. Nola bizi izan duzu itxaronaldia? Espetxean igarotako lau urte  eta erdi hauek luzeak eta astunak egin zaizkit. Espetxeari aurre egitea eguneroko borroka da. Preso egonda ere, bizitzak aurrera jarraitzen du ordea, eta garrantzitsua da burua okupatuta izatea, norbera eta ingurukoak zaintzea, plazer txikiei lekua egitea. Urteotan guztiotan kide paregabeak ezagutu ditut, eta ondoan izan ditut, momentu zailenei eta gordinenei aurre egiteko. Hemengo nire pozik handiena haiek ezagutu izana da. Askotariko borrokaldiak eraman dituzu aurrera espetxean: 2014eko apirilean Fleuryn, eskubide murrizketak eta probokazioak salatuz; biluztera behartu izan zaituztela ere salatu zenuen, eta ondorioz, bisitarik gabe utzi zituzten; tartean, espetxez aldatu zituzten; Itziar Morenoren isolamenduaren kontra gose greba egin zenuen. Horrek guztiak zure egoera okertu duela uste duzu? Espetxea errepresio makina erraldoi bat da, eta egunero-egunero presoa birrintzen saiatzen da. Lau urteotan, egunero pairatu izan dugu espetxetik eratortzen den indarkeria: gaueko kontrolak –bi orduero argia piztu eta esnatuz–, biluzte sistematikoak –astean bi biluzketa gutxienez–, ate kolpe bortitzak, eguneroko tentsioak... Horri bizi baldintza kaskarrak gehitu behar zaizkio: elikadura txarra, garbitasun falta, azpiegitura ustelak... Espetxeak preso dagoenaren bizitzan eta osasunean eragin zuzena du. Espetxeko egun bakoitzak zauritzen du presoa; indarkeria horren inguruan, ordea, ez da jendartean aski hausnartzen. Niri ere, noski, eragiten didate aipatu ditudan baldintza horiek guztiek. Gogoratu nahi dut espetxeak hil egiten duela. Dagoeneko hemezortzi burkide hil dira espetxean; azkena, Kepa del Ho­yo. Kolpe gogorra izan da guztiontzat Keparen heriotza, eta berriz ere agerian utzi digu egungo espetxe politika suntsitzailea eta gupida gabea dela. Espetxeetan euskal presoak elkarren ondoan izatea ezinbestekoa dela erakusten duten hainbat aldarrikapen ere egin dituzu. Espetxe barruan ere sakabanaketa sumatzen duzue? Frantziako espetxeetan euskal presoen sakabanaketa inoiz baino nabarmenagoa da. Une honetan, 69 kide 21 espetxetan sakabanatuta gaude Frantzian, gehienak Euskal Herritik ehunka kilometrotara. Horietako hiru guztiz bakartuta daude, eta gainontzeko kide gehienak binaka edo hirunaka banatuta. Epaitu gabe gauden emakume presoen kasuan adierazgarria da egoera. Guztira hiru kide bakarrik gara eta bi espetxeetan banatuta gauzkate. Eta, bai, kideak elkarren ondoan egotea ezinbestekoa da. Preso kopurua gutxitu ahala egoerak okerrera egingo du, eta horregatik premiazkoa da dispertsio eta sakabanaketa politikari behingoz amaiera ematea. Elkarrizketa osoa irakurtzeko: Zarauzko Hitza

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide