Azpeitian jokatuko da Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 1a

Irailean zehar lau finalaurreko jokatu ostean, txapelketako azken hitzordua Azpeitiko Azoka Plazan izango da, hilaren 30ean. Zarautzek, aldiz, finalaurrekoetako bat hartuko du, irailaren 22an. Finalaurrekorako zein finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Hirugarren urtez jarraian, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, eta Azpeitiak hartuko du txapelketaren finala, hilaren 30ean. Aurrez, baina, lau finalaurreko jokatuko dituzte, eta horietako bat –hirugarrena– Zarautzen izango da. Irailaren 22an iritsiko da txapelketa herrikoiko finalaurrekoa Zarautzera. Txapelketan izena ematen duten Euskal Herriko Sagardotegietako edariak afaltzera inguratzen diren herritar guztien artean dastatu eta puntuatuko dira. Epaile izan nahi dutenek afari txartelak hartu beharko dituzte aldez aurretik –finalaurrekoak 26 euro ordaindu beharko dira eta finalekoak 32 euro– afaldu bitartean egingo baita puntuaketa lana. Hala, interesa duen edonor izan daite epaile. Azpeitian, Añota sagardotegian, Beloki harategian eta Pastorkua tabernan eros daitezke finalerako txartelak; Zarautzen, berriz, Izeta eta Satxota sagardotegietan. Honako helbidera idatzita ere eskura daitezke txartelak: gipuzkoakosagardoa@gmail.com. Epaile lanetan ariko diren herritarrek ez dute jakingo zein sagardotegitako edariak ari diren dastatzen, eta afariaren bukaeran jakingo dira irabazleak zeintzuk diren, bai finalaurrekoetan eta baita finalean ere. Guztira, Euskal Herriko 41 sagardotegik hartuko dute parte aurtengo txapelketa herrikoian. Finalaurrekoak Ordizian, Andoainen, Zarautzen eta Oiartzunen izango dira. 2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta orduan ere Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala. Orduko hartan, Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sagardo onenaren txapela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide