Berdinketa lortu du Zarautzek Eibarren kontrako lagunartekoan

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko abuztuaren 28a

Eibar eta Zarautz taldeen arteko lagunarteko partida, Astin (SD Eibar). Denboraldi aurrearen azken txanpan, futboleko emakumezkoen lehen taldeak lagunarteko partida jokatu zuen Eibarren aurka joan den ostiralean. Asti zelaian neurtu zituzten indarrak bi taldeek, eta bana egin zuten. Armaginak aurretik jarri ziren, baina lehen zatia bukatu baino lehen Zarautzek berdinketa lortu zuen, Janire Perez Olidenen eskutik. Asteburu honetan ekingo diote ligari.
Zarautzek aurten lortu du Emakumezkoen Bigarren Mailara igotzea, eta ligako bigarren multzoan lehiatuko da, ondorengo hamahiru taldeekin batera: Oiartzun, Athletic B, San Ignacio, Logroño, Mulier, Añorga, Eibar, Aurrera, Alaves, Pauldarrak, Ardoi, Osasuna eta Pradejon. Asteburu honetan abiatuko da liga, eta Athletic B taldearen aurka jokatuko du, bisitari moduan. Astebete geroago, etxean lehiatuko dira, eta Oiartzun izango dute aurrez aurre. Txapelketako azken jardunaldia apirilaren 21-22ko asteburuan jokatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide