Iazko orga lehiaketako irabazleak
Iaz izan zuen "arrakasta" ikusita, berriz ere orga lehiaketa antolatzea erabaki du udalak Euskal Jai egunean. Aurreko urtean izan zen estreinakoa eta 12 taldek hartu zuten parte bertan. Ixidor Larrañaga Jai eta Ekitaldi zinegotziak horrek izandako harrera "oso ona" nabarmendu du: "Ilusioz egindako orga originalak ikusteko aukera izan zen eta ziur nago aurten ere hala izango dela. Zarauztarren parte hartzea lehiaketan oso ona izan zen eta Iñigo Arrillagak eta bere taldeak aurkeztutako baserriko produktuez osatutako orga garaile izan zen. Benetan ikusgarria eta ederra egin zuten lana”.
Gogoratu du lehiaketa horren helburua "festa girotzea, herritarrek sormena lantzea eta orgen ohituraren oinordeko honekin jaia janztea" dela: "Garai bateko karrozen lehiaketako tradizioari eutsiz, formatu txikiagoko orgen inguruan sortzen den giroa balorean jartzeko asmoa dugu".
Orga lehiaketan parte hartu ahal izateko Zarautzen erroldatuta egon beharko da. Izena eman daiteke dagoeneko Turismo bulegoan (Nafarroa kalea, 3), irailaren 8ko 14.00ak baino lehen. Izena ematerakoan parte hartzaileak zenbaki bat jasoko du, eta lehiaketaren egunean, Euskal Jai egunean, organ bistan jarri beharko du hori.
Orgak euskal kulturaren edo Euskal Jaietako ohiturekin zerikusia duten elementuekin apaindu beharko dira, eta ez dira onartuko supermerkatuetako orgak, ezta publizitatedunik ere. Orga guztiak Lege Zaharren enparantzara eraman beharko dira 13.30ean; une horretan egingo dute sari banaketa.
Epaimahaia Zarauzko alkate Xabier Txurrukak, Jai eta Ekitaldi zinegotzi Ixidor Larrañagak, eta Artezaleakeko kide batek osatuko dute. Guztira, hamabi sari banatuko dituzte: irabazleak 300 euroko saria jasoko ditu, eta gainontzekoek, 150 euro.