Mikel Amilibia: "Jokalari batek irabazi zigun Munduko Txapelketa"

karkara.eus Aktualitatea. 2017ko abu. 24a, 17:22

Tibilisitik –Georgia– lur hartu eta biharamunean Karkararekin izan da Amenabar taldeko jokalari Mikel Amilibia. Pozik, zilarrezko domina poltsikotik atera du; izan ere, kirolari batek ez du egunero Munduko Txapelketako finala jokatzen. Jubenil mailan jokatu du oriotarrak munduko eskubaloi txapelketa eta, urrearen atarian geratu baziren ere, sentsazio onarekin itzuli da.

Mikel Amilibia, zilarrezko dominarekin

Zer moduzko esperientzia izan da Munduko Txapelketa jokatzea?

Oso sentsazio onarekin geratu naiz. Iaz Europako Txapelketa jokatu genuen baina aurten desberdina izan da. Taldea askoz bateratuago zegoen, familia bat bezala ginen eta horrek eragina izan du... eta bigarren geratzea sekulako esperientzia izan da.

Partida guztiak irabazi zenituzten finalera iritsi arte.

Bai, azkena falta izan zaigu. Prestaketa garaian ere galdu genituen bi partida Kroaziaren kontra, baina besteak irabazi. Mundialera sentsazio onarekin iritsi ginen, partida denak irabazten hasi ginen, talde zaila tokatuta ere. Bagenekien finalaurrekora iristeko aukerak bagenituela, eta iritsi ginen. Kroaziaren kontra jokatzea tokatu zitzaigun, prestaketan irabazi gintuen talde beraren kontra. Baina bagenekien irabazteko gai izango ginela.

Espero zenuten finalera iristea?

Aukerak bagenituela pentsatzen nuen nik. Iaz seigarren egin genuen baina Frantziaren kontra tanto batengatik galdu genuen eta baita beste partida bat ere, eta horregatik kanpoan geratu ginen.

Finala ere gutxigatik galdu zenuten.

Frantziak partida guztiak hamar puntu ingurugatik irabazi zituen, beste taldeen gainetik zegoen. Gure defentsa 5-1 deritzona zen, hau da, jokalari bat aurreratuta. Eta bagenekien, beste taldeei bezala, Frantziari ere kosta egingo zitzaiola, gure indargunea defentsa baita. Oso ondo hasi ginen, partida irabazten gindoazen bigarren zatiko 15. minutura arte. Baina gero pasa egin ziguten. Jokalari batek 13 gol sartu zituen eta ez genuen frenatzen jakin. Jokalari batek irabazi zigun Munduko Txapelketa. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide