Usua Garinek, Izotz Barriok eta Andrea Lopetegik irabazi dute V.Txopitea Beka

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko abu. 18a, 15:56

Lourdes Olanguaren inguruko ikus-entzunezkoa sortuko dute zarauztarrek. 3.000 euro jaso dituzte proiektua hiru hilabetean burutzeko.

Juanfe Garces, Mari Jose Aranzasti eta Ainize Txopitea epaimahaikideak, Nekane Iribar Kultura zinegotzia eta bekaren irabazle Izotz Barrio, Andrea Lopetegi eta Usua Garin. 8 lan aurkeztu dituzte arte sorkuntzarako bosgarren Daniel Txopitea bekara, eta horien artean Usua Garin, Izotz Barrio eta Andrea Lopetegirena aukeratu du epaimahaiak. Lourdes Olanguaren inguruko Lu proiektua aurkeztu dute horiek, abeslariaren inguruko ibilbidea azaltzeko ikus-entzunezko baten bidez. Daniel Txopitearen alabak, Ainizek, nabarmendu du aurten "ilusio berezia" egiten diola beka halako lan bat garatzeko bideratzeak: "Lourdes Olangua aitzindaria izan zen. 80ko hamarkadan punk rock taldeetako front woman izan zen, besteak beste, Las Lagartas, OK Korral eta Los Humedecidos taldeetan". Adierazi du garai hartan musika mota horren munduan emakumeek ordezkaritza txikia zutela, eta Olanguak bere lekua egin zuela. Hori dela eta, irabazleek haren inguruko "dokumental polita" osatzea espero duela esan du. "Uste dut ,modu ludikoan, emakumeari indarra emateko baliagarria izango dela". Mari Jose Aranzasti epaimahaikideak gaineratu du "oso interesgarria" iruditu zaiela gaia, "bereziki, gure iragana ezagutarazteko". Hala, animoak eman dizkie "proiektu erakargarria" egin dezaten.

Hainbat alor

Barriok azaldu du ideia nondik etorri zaien: "Hiruok Arraio irratian aritzen gara, eta OK Korral taldeak badu lotura zuzena irratiarekin. Urte askoren ondoren, lortu genuen elkartu eta berriz ere kontzertu bat eskaintzea. Ordutik harreman estua dugu haiekin". Gogoratu du talde horretako bateria-jolea, Xabier Laskibar Tximas iaz hil zela, eta omenaldi bat egin zitzaiola lagun artean. Ekitaldi horretarako bideo bat prestatu zuten Barriok, Lopetegik eta Garinek, eta horren ondoren, erabaki zuten Olanguaren inguruko beste bat egitea. "Lou bezalako pertsona batek jokoa ematen du lan eder bat egiteko". Izan ere, 80.hamarkadan oholtza gainera igo zen lehenbiziko emakumeetako bat izan zen, Barrioren arabera. "Hortik abiatuta, haren bizitzaz gain, beste hainbat alor lantzeko aukera ere eskaintzen digu, besteak beste, genero ikuspegia". Garinek azaldu du, bereziki, elkarrizketak landuko dituztela. "Harremanetan jarri gara OK Korraleko gitarrista Dani Ulaziarekin eta Anestesia taldeko kide Mikel Kazalisekin, Lou oso gertutik ezagutu zutelako. Haiek eman dizkigu hainbat gako". Horretaz gain, aitortu du garai hark "estetika oso berezia" zuela, eta askotariko materiala biltzen ari direla ikus-entzunezkoa biribiltzeko. 3.000 euro jaso dituzte irabazleek, eta hiru hilabeteko epea izango dute ikus-entzunezkoa burutzeko.

Iazko lanaren aurkezpena

Ione SaizarrekĀ argazkilari zarauztarrak irabazi zuen iazko beka, 20800 proiektuagatik. Kultura sailetik adierazi dute datorren abuztuan aurkeztuko dute erakusketa baten bidez. Liburuaz gain, hori ontzeko baliatu duen materiala jarriko dute ikusgai, Torre Luzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide