Urola Kostan Jardunaldi Ekologikoak egingo dituzte, eta izena eman daiteke

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 5a

Urola Kostako Jardunaldi Ekologikoen kartela. (Hitza) Biolurrek, Urkomek eta Zarauzko Udalak Urola Kostako Jardunaldi Ekologikoak antolatu dituzte hilaren 18tik 27ra bitartean, eta hainbat ekintza egingo dituzte Zarautzen, Beizaman eta Azkoitian. Zarauzko nekazaritza ekologikoaren XXI. azokarekin hasiko dituzte jardunaldiak, hilaren 18an. Lege Zaharren Enparantzan eta Zigordia kalean, bertako produktu ekologikoen dastaketa egin ahal izango da, eta, horrez gain, landaketa tailerra, erakusketak, informazio postuak eta atseden guneak jarriko dituzte, musikarekin lagunduta, "jai giroan". 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik azoka. Abuztuaren 20an, berriz, Beizamako Amenabar baserrira irteera egingo dute. Bertan, baratzezaintza ekologikoa ezagutzeko aukera izango da. Azkenik, abuztuaren 27an Azkoitiko Mokoroa baserria bisitatzeko aukera egongo da. Bertaratzen direnek ogi ekologikoa nola egiten den eta zaldien erabilera ekologikoa ezagutuko dute. Bi bisitak goizez eta doan egingo dituzte, eta izena eman nahi duenak Biolurrera (943-76 14 47) telefonora deitu behar du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide