Urtero legez, kontzertuek tarte berezia izango dute santaklaretan. Jende ugari bildu zuen Chimo Bayo disko jartzailearen emanaldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Uda sasoian sartu-sartuta, abuztua hastearekin batera, hemen dira Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak. Ohi bezala, festa batzordekoek egitarau bete-betea antolatu dute, lau egunez «urteko pena eta nekeak trenbidearen beste aldean utzita, festan murgil egiteko». Abuztuaren 11, datorren ostirala, izango da Santa Klara eguna, eta horren bueltan, jai giroa nagusituko da auzoan lau egunetan: «Lau egun bere gauekin, gure gozamenerako, langile eta langabe, emakume eta gizon, heldu bezain gazte, auzotar eta kanpoko, denok nahas-mahasean aritzeko».
Giroa berotzen joateko, bihar bertan askotariko saioak izango dira Azken Portun: CXXVII. Mus Txapelketa, Ye mambo Txikis salsa taldearen erakustaldia eta auzoko taberna laguntzaileetan pintxo potea, besteak beste.
Hilaren 9an, asteartean, egingo dute festen hasierako ohiko ekitaldia: triduoa. Aurten, ordea, aldaketa batekin: ez da Santa Klarako komentuan izango. Izan ere, ekaina amaieran utzi zuten klaratarrek komentua, Oñatikora joateko, eta ordutik itxita dago eraikina. «Azken urteetan indarra galduz joan bada ere, gure auzoan indar handia izan du Santa Klara komentuaren jardunak», azaldu dute. Zentzu horretan, batzordekideak urtero-urtero joan izan dira klaratarrengana hamairu arrautzadun dozena ematera, festetarako eguraldi ona egin zezan eskatuz. Mojek komentua utzi aurretik ere gauza bera egin zuten ekaineko azken mezan, omenaldi gisa.
Aurten, «eguraldi ona eskatzeaz gain, Oñati aldean bizitza erosoa izan dezatela opa» diete mojei, sinbolikoki. Klaratarrak joanak direnez, Aritzbataldeko Kristau Biltokian egingo dute aurten triduoa. Hurrengo egunean, abuztuaren 10ean joango dira berriz ere auzokoak bertara.