Leopoldo Zugaza, Photomuseuma erakusten ordezkari politikoei.
"Borondate guztiarekin", duela 25 urte zabaldu zuten Leopoldo Zugaza, Ramon Serras eta haien emazteek Photomuseuma. "Eta, edonola ere, lortu dugu hasiera hartan jarritako erronkak betetzea", nabarmendu du Zugazak. Gaur eguerdian egin dute ekitaldia, argazkilaritza eta zinema museoaren 25. urteurrena dela-eta. Bertan izan dira sortzaileak eta baita ordezkari politiko ugari: besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria jaurlaritzako Kultura sailburua, Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, tartean, Xabier Txurruka alkatea.
Zugazak museoaren berezitasunen inguruan lau kontu aipatu ditu ekitaldian. Batetik, nabarmendu du "esklusiboki argazkigintzari zuzendutako estatu mailako museo bakarra" dela. Bestetik, "herri txiki" batean kokatuta dagoela dio eta, horrenbestez, "beharrezkoa dela kalitatezko zerbitzuaren izatea" aitortzea, "guztia hiri handiekin lotu beharrean". Era berean, museoak ikerketa, zabalkunde eta entretenimendu alorrak betetzen dituela gaineratu du. Bestalde, Zugazak gogoratu du laguntza publikoak jasotzen dituen entitate pribatua dela. "Hori garrantzitsua da, ekarpen ekonomikoez gain, inguruarekiko ardura duelako museoak. Guk uste dugu lortu dugula".
Urkulluk ere hartu du hitza ekitaldi horretan, eta Zugazak euskal kulturari egindako ekarpena aitortu du. Besteak beste, Euskerazaleak eta Gerediaga elkarteen sorreran hartu zuela parte, eta Durangoko ikastolaren sorreran ere. Nabarmendu du "ekintzekin" erakutsi duela "kultura, euskara eta artearekiko duen maitasuna". "Photomuseuma Leopoldo [Zugazaren] pasioaren adibide garbia da", gaineratu du. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman dizkio Zugazari, eta Photomuseumeko lan taldea zoriondu du.
Ikusi argazki bilduma osoa Zarauzko Hitzaren atarian.