Irabazi Zarautzek agintaldi erdiko balorazioa egin du

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko uztailaren 30a

"EAJk eta PSE-EEK ez dute inongo momentuan oposizioaren babesa bilatu eta, are okerragoa dena, ez dute herritarren zati handi baten iritzia entzun nahi izan", salatu dute udal talde horrek.

Irabazi Zarautzeko Ana de Benito eta Oihane Delgado. Irabazi Zarautz udal taldeak agintaldi erdiaren balorazioa egin du, alorrez alor. Batetik, ingurumen alorra izan du hizpide. Adierazi dute "aurreko agintaldiko herentzia" gisa, gaur egungo agintaldia hasi zutela Astin "makrojatetxe" bat eraikitzeko 30 urteko lagapena salatuz. "Gaur egun egoera berean jarraitzen du, okerrago ez esateagatik. Izan ere, inguruak okerrera egin du eta lagapenaren auzia epaitegietan dago". Irabazi Zarautzen iritziz, herritarrek gune horretaz gozatzeko eskubidea dute, eta horregatik eskatu dute "behin baino gehiagotan" udalak aisialdi gune hori erabiltzeko baldintzak bermatu ditzan. Horrekin batera, Talaimendiko etxearen auzia ere ekarri dute gogora Irabazi Zarautzeko ordezkariek: "Aiako lurretan dagoen baina Zarauztik ikusten den Amezti etxea", hain zuzen ere. "Behin baino gehiagotan salatu izan dugu bide publikoa itxi egin dutela eta eraikinak ez duela betetzen Lurzoruaren Legea. Arartekoak ere hala dio". Ohartarazi dute egun bi administrazio errekurtso jarrita daudela auziaren inguruan eta baita bi salaketa penal ere, bi eraikigarritasunagatik eta beste bi urbanizazioari dagokionez, hurrenez hurren. "Udal Gobernuak ez du neurririk hartu, ezta Zarautzi dagozkion kontuetan ere, lizentziarik gabe hesia eraiki izanaren inguruan, esaterako. Eskuak garbitu ditu, argudiatuz eraikina Aian dagoela. Jarrera hau bereziki arbuiagarria da kontuan izanda Udal Gobernuko kideak zuzenean daudela auzian inplikatuta". Talaimendiri lotuta, beste proiektu bat ere bazela nabarmendu dute: surfaren inguruko prestakuntza zentroa, zehazki. "Herritarren zein EH Bildu eta Irabazi Zarautz udal taldeek aurkeztutako alegazioen ondoren, Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen proiektua", gogoratu dute. "Orohar, Talaimendi inguruaren zaintza indartu beharra dago, babestutako eremua handituz. Horren alde lanean jarraituko dugu datozen urteetan ere".

Mugikortasuna

Bestetik, mugikortasunari dagokionez, TAO zerbitzua birplanteatu behar dela nabarmendu dute. "Hainbat aldaketa egin dituzte gure proposamen bat bera ere kontuan izan gabe. Era berean, salatu beharra dago enpresa esleipenduaren eta udalaren arteko kontratua 2006koa dela, eta 2014ra arte luzatu dutela, lehiaketa publikorik egin gabe". Irabazi Zarautzen ustez, "dirua biltzeko" dago diseinatuta Zarauzko TAO zerbitzua. Halaber, "ulergaitza" dela salatu dute, "denbora gutxian" arauak aldatu dituztela eta egoiliarren txartelen prezioa igo egin dutela. Bestalde, gogoratu dute agintaldiko lehenbiziko esku hartzeetako bat Itxasmendiko biribilgunea egitea eta bidegorria zabaltzea izan zela. "Zoritxarrez, badirudi agintaldi honetan ez dagoela bidegorri nahiz bizikletentzat azpiegitura gehiago egiteko asmorik, ez dirudi lehentasunezkoa Udal Gobernuarentzat". Irabazi Zarautz oinezkoen zein bizikleten erabiltzaileen mugikortasuna lehenestearen alde dagoela adierazi dute, baina Udal Gobernuak "kontrako bidean neurriak" hartu dituela salatu dute. Haien arabera, horren adibide da Bizkaia kalea, gaztetxearen parean, ibilgailuentzat ireki izana.

Aldapeta eta Salberdin

Horri lotuta, adierazi dute ez dakitela zer gertatuko den Putzuzulorekin Salberdin urbanizatzen dutenean. Etxebizitzaren alorrean, Udal Gobernuak gune horren eta Aldapetaren aldeko apustua egin duela nabarmendu dute. Salberdinen kasuan, udalerriaren itxuran "aldaketa nabarmena" eragingo duela diote eta hainbat erronka ekarriko dituela: "Orain Santa Klarako komentua hutsik geratu denez, beharrezkoa da udalak eta beste instituzioek neurriak hartzea eraikina ekipamendu publiko bihurtzeko, zarauztar guztiek guneaz goza dezaten". Udal talde horren iritziz, "goraipatzekoa" litzateke elizak zarauztarren esku jarriko balu gune hori, saldu baino. "Espero dugu kasu honetan ez espekulatzea, aurrekoetan gertatu den bezala". "Beste kontu bat ere salatu genuen: herritarren dirua baliatuz, Salberdingo urbanizazio gastua udalak bere gain hartu izana. Milioi bateko gastua da, eta hasiera batean sustatzaileei zegokien". Halaber, Irabazi Zarautzek Aldapetako proiektua babestu zuela gogoratu du, baina nabarmendu zuela "gutxi batzuri" emango ziola irtenbidea, "etxebizitza tasatuen prezioa altua" delako. Horrez gain, adierazi dute Santa Ana fundazioari Aldapetako lokalak jabetzan ematearen aurka daudela "guztiz". "Agintaldi erdira heldu gara eta, zoritxarrez, etxebizitzaren arazoa ez dago konpontzeko bidean. Beharrezkoa da alokairura bideratuko diren babestutako etxebizitzak sustatzea, prezio duinean. Era berean, ez da onartu Etxebizitza Plan errealik". Aitzitik, udal talde horren arabera, Udal Gobernuak hartutako lehenbiziko erabakietako bat izan da etxe hutsen Ondasun Higiezinen Zergaren %150eko errekargua kentzea. "Kontrako norabidean doan erabakia da hori", zehaztu dute.

Emakumeak eta udaleko egoera ekonomikoa

Emakume Etxearen proiektua "geldirik" dagoela diote, eta egitasmo hori lantzerakoan "herriko emakume guztiek ahotsa" izan beharko luketela. "Azken gertakariek erakutsi dute lan asko dugula egiteko. Gure kaleetan segurtasuna oinarrizkoa da eta hori kontuan izan behar da edozein proiektu garatzerakoan". Zentzu horretan, salatu dute Santa Klarako azpibidearen proiektuak ez dituela baldintza horiek betetzen: "Proiektua aldatzeko eskatu dugu udalean nahiz legebiltzarrean, emakumezkoentzat segurua izan dadin, baina EAJ eta PSE-EEren eskutik–PPren laguntzarekin–jaso dugun erantzuna ezezkoa izan da". Udaleko egoera ekonomikoa ere izan dute hizpide Irabazi Zarautzeko ordezkariek. Aitortu dute une honetan aurreko urteetan baina egoera "lasaiagoan" dagoela, baina 2019ra bitartean plan ekonomiko bati lotuta dagoela, "egonkortasun eta gastu araua ez betetzeagatik". "Zentzu horretan, EAJk babestutako Espainiako Gobernuaren politika salatu dugu. Horrek, besteak beste, zerbitzu publikoak eta kontratazio berriak egiteko inbertsioak galarazten ditu, TAOrena eta garbiketa zerbitzuarena, kasu". "EAJk eta PSE-EEK ez dute inongo momentuan oposizioaren babesa bilatu eta, are okerragoa dena, ez dute herritarren zati handi baten iritzia entzun nahi izan. Ez dute parte hartzea bultzatzeko tresnarik abiatu", kritikatu dute. "Uste dugu bestelako jarrera bat beharrezkoa dela Zarautzen ditugun erronka nagusiei–besteak beste, etxebizitzen prezio altuei, dibertsifikazio ekonomikoari, inguru naturalaren babesari eta apartamentu turistikoen igoerari–erantzuteko". Nabarmendu dute Irabazi Zarautzek gai horren inguruan lanean eta proposamenak egiten jarraituko duela.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide