Miguel Agirrezabalen ‘Iheslariak’ margolana erakusleiho batean (Aritz Mutiozabal).
Badira aste batzuk herriko dendetako erakusleihoetan artelanak ikusteko aukera dagoela. Hotz-Zarautz taldeak antolatutako Errefuxiatu Arte egitasmoaren emaitza da hori. Makina bat artistekin elkarlanean jarri dute abian kaleko erakusketa berezia, elkartasun zozketa batekin biribilduko dutena. Ispilu Arte galeriako arduradun Leticia Eizagirreren eta Mari Jose Legorburu artistaren eskutik jaso zuten errefuxiatuei laguntzeko proposamena. Artista jendeak ere beren hondar alea jarri nahi zuela esan zieten Gabonetan, eta uda aldean horri heltzekotan geratu zirela kontatu du Hotz-Zarautzeko kide Marije Izetak.
Hala, artelanak biltzen joan ziren pixkanaka-pixkanaka, Ispilu Arteko kideen bitartez eta bertako artistei nahiz ingurukoei eskatuz. «Sekulako erantzuna jaso dugu ekimenean parte hartu nahi zutenei dagokienez. Guztira, 60 artelan jaso ditugu», aditzera eman du Hotz-Zarautzeko Miren Elejondok. Askotariko obrak dira, gainera: olio margolanak, urmargoak, argazkiak eta abar. Jose Luis Zumeta, Ramon Serras, Iñigo Ormazabal, Zuhar Iruretagoiena, Ander Hormazuri, Iñigo Manterola eta Barbara Stammel bezalako izen ezagunak daude tartean, baina baita hasiberriak ere. Nagusiki, artista bakoitzak artelan bat eman du musu truk, baina badira bi ere aurkeztu dituztenak.
Ispilu Arte galerian inauguratu zuten egitasmoa ekainaren 9an, eta erakusketa gisa paratu zuten bertan astebetez. Artista gehienak izan ziren ekitaldian, eta Hotz-Zarautz taldeko kideek egitasmoaren nondik norakoen berri eman zuten. Astea pasatu eta gero, herriguneko dendetako nahiz saltokietako erakusleihoetan jarri zituzten erakusgai. «Erakusketaren ondoren, dendaz denda joan ginen galdezka, eta erantzun oso ona jaso genuen. Ez zen gauza erraza, artelanak bi hilabetez eduki behar baitituzte erakusleihoan», azaldu du Izetak.
Artelanekin batera, zozketako txartelak ere jarri dituzte salgai herriko dendetan; txartel bakoitzak 2 euro balio du. Horrez gain, Hotz-Zarautzeko kideak ere ibili dira han eta hemen saltzen. Jakitera eman dutenez, abuztuaren 17ko goizean egingo dute zozketa notario aurrean, eta arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Ispilu Arte galerian emango dituzte ezagutzera zenbaki saridunak.