Ezkerretik hasita, Larrañaga, Iribar eta Cardoso, gaurko aurkezpenean
2015ean onartu zuen udalak Zarauzko Kultur Ondarearen Plana, lau urterako. Lehenbiziko lana izan da udalerriko kultur ondarearen inguruko katalogoa eguneratzea. "Behin hori eginda eta ikusita herrian dugun ondarea, bigarren pausoa izan da zortzi ibilbide osatzea, herriko aberastasuna ezagutzeko", nabarmendu du Nekane Iribar Kultura zinegotziak. Hala, zortzi ibilbide horietan oinarrituta, aplikazio berria sortu dute. Zarauzko bi enpresek landu dute zerbitzu berria: Kulturlan Bi arduratu da edukiaz eta Aner APPa garatzeaz.
Kulturlan Bi enpresako ordezkari Mari Jose Larrañagak eman ditu prestatu dituzten zortzi ibilbideen nondik norakoen berri. Lehenbizikoa egiten dutenek Zarauzko monumentu multzoan barrena ibiliko dira. Bigarrengoa aukeratzen dutenek, berriz, XIX. mendeko eraikin monumentalak bisitatuko dituzte. Herriaren inguruko parkeak ikusteko aukera eskainiko du hirugarrengo ibilbideak, "Santa Barbara eta Torreoi ingurua, ermita eta guzti".
Talaimendi inguruan oinarritu dute bosgarren ibilbidea, besteak beste, bertako baserri eta ermitak ezagutzeko. Donejakue bidea ere "interesgarria" dela adierazi du Larrañagak, eta hori dela eta beste ibilbide bat osatu dute: "Oriotik etorrita, Talaimendi inguruko ermitak zein bestelako elementuak bisitatutako dituzte. Ondoren, San Pelaio auzotik Santa Maria Real elizara bitarteko bestelako interes puntuak ere ikusiko dituzte parte hartzaileek".
Padurak eta dunak kontuan hartu nahi izan dituzte, eta Mollarriko kargalekua gehituta osatu dute seigarren ibilbidea. "Zarautzen eskultura ugari ditugu eta horiek ere bisitatzeko aukera izango da zazpigarren edota zortzigarren ibilbideak aukeratuz gero". Zazpigarrena egiten dutenek erdiguneko, itsas pasealekuko zein Getaria bideko eskulturak ikusiko dituzte, eta zortzigarrena hautatzen dutenek, berriz, San Pelaio eta udal kiroldegi ingurukoak.