Merche Olabe margolari bilbotarra, Zarauzko Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. (Aritz Mutiozabal)
"Honakoa nire margolanak erakusgai jarri ditudan aretorik handiena dela esango nuke. Gainera, elkarrekin erakutsi ez ditudan obrak batzeko aukera eman dit, eta oso pozik nago». Bakarkako hogeigarren erakusketa zabaldu berri du Merche Olabe (Bilbao, 1947) margolariak Zarauzko Sanz Enea kultur etxean, Gipuzkoan egiten duen lehena, eta udako kultur eskaintza «zabalaren eta anitzaren» barruan antolatutako proposamena dela nabarmendu du Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek: «Ohore bat da erakusketa zoragarri hau eskaini ahal izatea».
Olabek 35 tenpera eta bederatzi marrazki jarri ditu kultur etxeko hormetan. «Oso teknika berezia da tenpera, aintzina asko erabiltzen zena, baina gaur egun oso gutxi dira teknika hau lantzen jarraitzen dutenak, eta horietako bat da Olabe», adierazi zuen Kultura saileko erakusketen arduradun Myriam Gonzalez Txabarrik.
«Distira gutxiagokoa izateaz gain, testura berezi bat eskaintzen du teknika honek. Nik horri heldu nion, batez ere, pintura plastikoaren akabera ez zaidalako gehiegi gustatzen», aditzera eman du Olabek. Era berean, Italiara egindako bidaia batean ikusitako freskoek «asko seduzitu» zutela aitortu du: «Tenperak izan ez arren, fresko horietan ikusi nuen emaitzak erakarri egin ninduten erabat, eta nire koadroetan horrelako zerbait lortze aldera hasi nintzen tenpera erabiltzen». Margo teknika horrek, ordea, ez du oihal-mihiseetarako balio, «egurrean edo euskarri gogor batean erabili behar da, krakelatu ez dadin», gaineratu du margolariak. Beraz, Zarauzko erakusketan ikus daitezken margolanak egur gainean eginda daude.
90eko hamarkadan ekin zion tenpera bidez margotzeari, eta teknika horri heldu zionetik «pertsonaia eta istorio askoko margolanak» ekoitzi ditu, eta horietako zenbait, gainera, konpartimenduetan zatituta, «zeinetan gauza asko pasatzen diren». Tenperarekin lanean hasi zenetik gaiak aldatuz joan da: «Hasieran gehiago ziren barrualdeko espazioak, baina pixkanaka kanpoko paisaiak edo espazio publikoak aregotzen joan naiz».