Jende ugari bildu zuen 'Sardina bakalau' lanak, ostiralean. (Aritz Mutiozabal)
Euriak ez ditu uxatu Kalerkiko ikusleak. Aurreikusitako emanaldiak guztiak eskaini dituzte eta jende ugari bildu da herriko kaleetan haiek ikusteko. Nekane Iribar Kultura zinegotziak gogoratu du Kalerkiko lehenbiziko egunean "eguraldi ederra" egin zuela, eta Sardiña Bakalau zein Sonata A Cuatro Pies antzezlanek "harrera oso ona" izan zutela. Ostiralean eguraldi kaskarragoa egin arren, "sanferminetako zezen puzgarrien entzierroarekin haur, gazte zein helduek gozatu" zutela nabarmendu du Iribarrek: "Aurreko urtean zezen puzgarriek izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere errepikatu egin dugu eta herritarren parte hartzea izugarria izan da. Kale Nagusia jendez gainezka zegoen; kalean gora, kalean behera ibili ginen guztiok".
Ondoren, Mister Pichichi eskaini zuten, "eta euria hasi zuen arren, jendea ez zen mugitu ere egin". Gauean, berriz, Lapur Minak-en txanda izan zen: "Euriak ez zituen antzezlaneko kideak kikildu. Publikoak nahiko barre egin zuen komedia honekin, aterkipean egon behar izan baziren ere". Emanaldia amaituta, Matias Zanottiren Escaparate Vivo jarri zen martxan, eta "kalean zebilen jendea harrituta geratu zen fitxa bota eta mugitzen hasten zela ikustean".
Larunbata, Kalerkiko bigarren eta azken eguna izan zen Kultura zinegotziaren hitzetan egun "beteena". Guztira, sei emanaldi kaleratu zituzten: Surfer clown inprobisazioa eta clown parodia; El fin de las cosas dantza garaikide erakustaldia; Naufragio universal dantza ikuskizuna; Birjantzi desfilea; Sagartu ikuskizuna eta Anabas perkusio emanaldia. Horrez gain, Escaparate vivo ere jarri zuten martxan berriz ere. Iribarrek Birjantzi ikastaroan parte hartu dutene ikasleek egindako jantzien desfilea goraipatu du: "Benetan lan bikaina herriko artista hauena".