Jakes Goikoetxea kazetariaren iritzia: "Tragedia bat gehiago"

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 7a

Jakes Goikoetxea 'Berria'-ko kazetariak iritzi artikulua idatzi du Zarautzen azken bi asteotan izan diren bi bortxaketak hizpide hartuta.

Tragedia bat gehiago. 17 urteko neska batek sexu erasoa egin diotela salatu du Zarautzen. Bigarrena da bi astean: iragan astean bortxatu egin zutela salatu zuen beste neska batek, adingabea hura ere, Zarautzen, San Pelaio jaietan. Jaiak. Atzo hasi ziren sanferminak, eta ez ahaztekoak dira, ez iaz taldean bortxatu zuten emakumearen kasua, ezta Nagore Laffageren hilketa ere. Euskal Herriko herri, hiri eta auzo askotan, jaiak eta jai guneak inpunitate garai eta eremu dira oraindik ere emakumeei erasotzeko. Ez Euskal Herrian bakarrik, jakina. Egunotako albistea da: Suedia zibilizatuan bertan behera utzi dute bertako musika jaialdi garrantzitsuenaren 2018ko aldia, aurten gertatutako sexu erasoengatik. Erasoei berehala erantzuteko kontzentrazioak antolatzen dira, eta adierazpen ofizialak kaleratzen dira, eragile politiko eta sozial gehienen babesarekin. Kasu gehienetan, ordea, kontzentrazioa egin eta gero bukatzen dira arazoa salatzeko eta ikusarazteko ekintzak. Bakoitza bere bulegora edo etxera bueltatzen da, eta etxean neska edo emakume gazteren bat daukanak, beste behin, erne eta kontuz ibiltzeko ohartaraziko dio, zer gerta ere. Mutilei, hitzik ez. Erasotzaileak beti besteak dira. Artikulua osorik, Berria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide