Uztailean amaituko dute lehenbiziko faseko eraiste lanekin.
"Hirigintza plangintza bat aurrera eramateko pauso asko eman behar dira. Horietako pauso batzuk ikusezinak dira, dela planak onartzea, dela hitzarmenak egitea...Baina beste batzuk askoz ere ikusgarriagoak dira, eraiste lanak, kasu", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. Hain zuzen ere, aste honetan bertan hasi dira Salberdigo eremu batean pabilioi zaharrak botatzen. Zehazki, lehen fase horretan Sakatu, Bombas Itur, Antuñano, Arrona eta Lopetegi enpresetako eraikinak eraitsiko dituzte.
Aurreikusi du uztailerako amaituko dituztela eraiste eta txukuntze lanak, eta 2018 hasieran hasiko direla eremu horretan etxebizitzak eraikitzen, Aldapetakoekin batera. Gogoratu du Aldapetako 30 etxebizitza tasatuak zozketa egin dutela dagoeneko, eta orain esleipena martxan jarriko dute, datorren urte hasieran erakitze lanei ekiteko.
Salberdinen ere dagoeneko "aurrepausoa nabarmenak" eman dituztela nabarmendu du alkateak: "Birpartzelazio proiektua jendaurrean egon da, alegazio batzuk jaso ditu eta horiei erantzun ondoren onartuko da. Gerora, urbanizazio proiektua onartu beharko da. Sustatzaileek dagoeneko aurkeztu dute, eta proiektu horrek jada badu udalaren aldeko txostena. Ondoren, jendaurrean jarri beharko da". Hori guztia onartuta, hasiko dira eraikitzen Salberdinen, 2018ko hasieran.