Astiko errugbi zelaian egingo dute ate irekien saioa, «ariketak egin eta ongi pasatzeko». (Haymar Manzisidor)
Utzi beldurrak alde batera eta zatoz probatzera! Zarautz Kirol Elkarteak, Zarautz Rugby Taldeak eta Beltzak-Ostadar taldeak lelo horrekin animatu dituzte emakumeak errugbian trebatzera. Horretarako, ate irekien jardunaldia antolatu dute biharko. Astiko errugbi zelaian izango da topaketa, 18:00etatik aurrera.
Duela urte batzuetatik Zarautz Rugby Taldean emakumeen taldea osatzeko «gogoa eta kezka» badagoela aitortu dute. «Azken urteotan gizonezkoen senior taldea oso ongi dabil, badauka izen bat errugbi munduan eta herrian». Nesken kasuan, ordea, «gabezia» dagoela diote.
Horren aurrean, errugbiko emakumezko beteranoei berriz ere jokatzen hasteko «harra» sortu zaie, eta entrenamenduekin hasi dira dagoeneko. «Orduan pentsatu genuen saiakera bat egitea neska gazteak erakartzeko eta taldea osatzeko».
Errugbi talde bat osatzea, ordea, ez da «erraza». Izan ere, nahiz eta zelaian 15 lagun egon jokatzen, taldean jokalari gehiago behar izaten dira. «20-21 lagun behar dira, gutxienez. Hori hutsetik abiatzea nahiko konplexua da». Hala, uda aurretik hasi dira neskak erakarri nahian, denboraldia hasi baino lehen nahikoa jende biltze aldera.
Dagoeneko bost beterano animatu dira, eta beste bost lagun inguru ere bai. Kopuru hori areagotzeko, gaur saio berezia egingo dute. Zehazki, entrenamendu bat izango dela argitu dute, eta bertaratzen direnei kirola egiteko materiala eramateko eskatu diete. «Elkarteko entrenatzaile batzuk etorriko dira, eta ariketa batzuk egingo ditugu. Jendeak errugbia probatzea da helburua, eta ongi pasatzea, noski».
Saioa edonorentzat dago irekita: «Inoiz errugbia jokatu ez dutenentzat, bizitzan kirolik egin ez dutenentzat, beste kirol batzuetan aritu eta orain zerbait berria probatu nahi dutenentzat... Edonorentzat».