Adin txikiko neska bat bortxatu dutela salatu du Zarauzko mugimendu feministak

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko uztailaren 1a

San Pelaio festetan gertatu da erasoa. Erasoa salatzeko, bihar 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute, udaletxe aurrean.

Zarauzko mugimendu feministak jakinarazi du San Pelaio festetan adin txikiko emakume bat bortxatu dutela. "Horrez gain, baieztatu ahal izan dugu dagokion instantzia polizialean salatu duela erasoa emakumeak", adierazi du mugimendu feministak. "Egoera biziki larria da, ezin da onartu Zarautzen, ez inon, horrelako erasorik". Hori adierazi eta erasoa jasan duen emakumeari babesa agertzeko, elkarretaratzea antolatu dute biharko, igandea. 12:00etan izango da, udaletxe aurrean. Herritar zein udal ordezkari oro bertaratzera deitu dituzte. "Uste dugu garrantzitsua dela herritar guztion ordezkaritza duen gertueneko entitatea, udala, bertan herritarrokin present egotea, erakundeen erantzuna ere tinkoa izatea". "Ezetza beti da ezetza, batera zein bestera. Gu gara gure gorputzaren jabeak, ezin du inork gure partez erabaki, inoiz", nabarmendu dute Zarauzko mugimendu feministatik. Hori dela eta, "batzea eta autodefentsa feminista aldarrikatzea eta praktikatzea ezinbestekoa" dela diote.  "Eta hori gure arteko elkar babesetik hasten da, horrelako erasoak onartzen ez ditugunok batzetik eta zenbat eta gehiago izatetik". Gogoratu dute udan zehar festa ugari izango direla herriz herri, eta "zoritxarrez" Zarauzko erasoa ez dela kasu isolatu bat izango: "Horrela erakutsi zigun begirada asko atzeratu gabe 2016ko udak. Ez da auzi puntual bat, ez da bakarkako aterabidea duen arazo bat. Estrukturala eta kolektiboa da, eta beraz guztion esku ere badago honi aurre egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide