Desertu Txikian sei joko eremu atonduko dituzte (Aiora Larrañaga Solaberrieta).
Desertu Txikia eskubaloizaleen topagune bihurtuko da beste urte batez, XIV. Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Festa ospatzeko. Asteburu honetan abiatu dute haurren txapelketarekin, eta hurrengoan biribilduko dute, uztailaren 8-9an, helduena jokatuz. Udako kirol hitzordu klasikoa bihurtu da, eta aurten ere sekulako harrera izan du, talde ugarik eman baitute izena. Haurren kasuan, 122 talde ariko dira, ia 1000 neska-mutil; nesken eta mutilen talde kopurua parekoa izango da. Helduei dagokienez, 112 talde lehiatuko dira, 870 jokalarirekin.
Antolatzaileak «txundituta» agertu dira parte hartzearekin, «ez baikenuen espero aurtengo arrakasta». Haur izen-ematea egun eta erdian itxi zen, eta helduena ordu gutxitan. Hala ere, «esfortzu handia» egin dute ahal bezainbeste talde onartzeko, eta «horretarako ordutegia pixka bat luzatu behar izan dugu».
Arrakastaren gakoa zein den garbi dute Txaparrotaneko kideek: «Lagunarteko festa bat denez, eskubaloian ibiltzen ez den jende ugari animatzen da txapelketa honetara eta horrek denon arteko giroa hobea izatea bultzatzen du. Gainera, azpimarratu beharra dago Desertu Txikia oso leku aproposa dela udan horrelako ekimen bat egiteko. Eskubaloiak Zarautzen duen indarrak bultzatzen du hitzordu hau arrakastatsua izan dadin, eta antolakuntzak lan handia egiten du hori aurrera eramateko».
Txapelketa bat izanda, lehia ez da faltako, baina Txaparrotan, azken finean, lagunartean eskubaloiaz gozatzeko hitzordu bat da. Festa bat. «Gure helburu nagusia hori da, eta, orokorrean, parte hartzaileek ere berdin pentsatzen dute».