Malekoiko hainbat gunetan jarri dituzte edukiontzi bereziok.
Gaur goizean jarri dituzte edukiontzi bereziok itsas pasealekuan, Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, herritarrek hainbatetan eskatutakoari erantzunez: "Herritar askok eta askok estatuko beste hondartza batzuetan oporretan zirela argazkiak bidali izan dizkigute antzeko diseinua zuten edukiontziak gure herrian jartzeko. Eskaera baloratu dugu eta ideia ona iruditu zaigu. Errealitate bihurtu da herritarren nahia eta emaitzarekin oso pozik gaude".
Zehazki, Narros, Belauntzaran plaza, Eguzki Lore, Aguilafuente, Lezera, Dama eta Beraza artean, Desertu Txikian zein Borghetton jarri dituzte edukiontziok. Leku bakoitzean, bost ontzi kokatu dituzte, bakoitza kolore bateko marrekin, gaikako bilketa egiteko.
Horrekin lotuta, hondartza eta inguruak garbi mantentzea "guztion ardura" dela nabarmendu du San Martinek: "Zigarro-puntak lurrera botatzen dituztenak badira eta baita organikoaren poltsa organikoa jasotzeko edukiontziaren kanpoaldean uzten dituztenak ere. Gauza bera gertatzen da kartoiarekin; edukiontzi urdinaren barruan utzi beharrean kanpoan uzten dituzte. Halaber, kexa ugari jasotzen ditugu txakurren zenbait jabek ez dutelako beren animalien kakak jasotzen. Errespetua eskatu nahi dugu".