Zarauzko Txolarte aisialdi taldeko erabiltzaileak eta begiraleak.
«Egia esan, sorpresa handia izan da guztiontzat, inoiz ez baikenuen halakorik pentsatu». Sanpelaioetako txupinazoetako bat botako du aurten Txolarte aisialdi taldeak, eta bertako erabiltzaileei ez ezik, familiartekoei eta begiraleei ere ilusio handia egin dietela nabarmendu du taldeko begirale Eider Oñatibiak. «Oso gogotsu gaude eguna iristeko. Herriko jaiak beti gogoz hartzen dira, eta aurtengoak bereziak izango dira gu guztiontzat».
Aurten Txolarteko elastikoak berritu dituzte, erabiltzaileek beraiek diseinatuta, eta «horiek azaltzeko desiatzen egongo dira». Erabiltzaileez eta begiraleez gain, familiartekoak ere igande gaueko ekitaldian izango direla jakitera eman du Oñatibiak: «Familiek ere lan handia egiten dute, eta hori ere erakutsi nahi dugu. Beraz, udaletxeko balkoira erabiltzaileak, begirale boluntarioak eta familiartekoak agertzea da gure asmoa, San Pelaiotako mezua zabaltzeko». Hitzordua ere jarri dute: 23:30ean elkartuko dira udaletxe aurrean, Txolarteko elastikoak jantzita.
Talde bezala danborradan ateratzen ez badira ere, hurrengo urteetara begira ideia polita izan daitekeela iritzi dio begiraleak. Bien bitartean, «urtero bezala, San Pelaioren ereserkia aho batez abestuko dugu, eta aurten ziur gogo gehiagorekin».