ACCUko zein udaleko ordezkariak, 'Beharra daukat!' kanpainaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)
Maiatzeko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak udala Beharra daukat! kanpainara atxikitzea. ACCU Gipuzkoako chron eta ultzeradun kolitisa duten gaixoen elkarteak jarri du ekimena martxan, eta horren helburua da beharra duten gaixoei hurbil duten komun batera "azkar eta doan" joateko aukera eskaintzea.
Gipuzkoan 700 lagunek dute hesteetako hanturazko gaixotasuna. "Crohn gaitza edota ultzerdun kolitisa dutenek, ostomizatutakoek, kolektomizatuta daudenek, ondesteko minbizidunek, kolon narritakorra dutenek... Guztiek arazo bera izan ohi dute: komunera joateko beharra sentitu ohi dute bat-batean", jakinarazi du Miren Letamendia Osasuneko zinegotziak. "Beharra daukat! kanpaina komuna presaz erabili behar duten pertsonentzat dago pentsatuta. Egoera honen aurrean, zenbaitek beren bizitza kalitatea gutxietsita dagoela ikusten dute, kalera irtetean eta lagun artean ibiltzen direnean erabilgarria den komun bat gertu ez badago beharra dutenean".
Haren esanetan, ACCUk hori nahi die bermatu proiektuarekin: komun baten premia dutenean, arazorik gabe, gertuen duten komuna erabili ahal izatea, gaixotasuna dutela egiaztatzen duen agiria erakutsiz. Era berean, hesteetako hanturazko gaixotasuna ezagutarazi eta horren inguruan jendea kontzientziatzea du helburu.
Ekimenean parte hartuko duten saltokien zerrenda osatzen ari da elkartea, eta udala zerrenda horri atxiki zaio. "Ez da azpiegitura eta inbertsio handiak behar dituen proiektua". Udalak ekimeneko helburuekin bat egiten duela dio Letamendiak, eta kolektibo horri herrian "ahalik eta erraztasun gehien" eskaini nahi dizkiola, haien bizi kalitatea hobetzen lagunduz.