Iban San Martin Kirol zinegotzia eta Felix Zubia Zarauzko Gurutze Gorriko presidentea, Munoan. (A. Ventas Aldabaldetreku)
Iazko esperientziari eutsiz, aurten ere hondartzako denboraldia "apur bat" gehiago luzatzea erabaki dute: ekainaren 17tik irailaren 17ra bitartean iraungo du. Hondartzako zaintza zerbitzua lehenbiziko egunean bertan hasiko dira eskaintzen, datorren larunbatean, eta aurreko urteko ordutegi bera izango du: 10:30etik 20:00etara. "Iaz berrikuntza izan zen ordutegia zabaltzea, eta erantzuna oso positiboa izan zen. Hortaz, aurten ordutegi bera eskaintzea erabaki dugu", nabarmendu du Iban San Martin Kirol zinegotziak.
Zarauzko Gurutze Gorriko presidenteak nabarmendu du Gurutze Gorriak "beti filosofia berarekin" egiten duela lan: erabiltzaile ahulena zaintzea, hau da, bainua hartzera doana laguntzea. "Zarauzkoa hondartza handi eta zabala da, bere korronte eta zurrunbiloak ditu eta arriskutsua da". Horregatik, lehenik eta behin "seinalizazio egokia" egiten dute sorosleek. "Badira urte batzuk Santa Barbara gainean kokatuta dauden kamerak ere baliatzen ditugula. Kostasystem izena duen sistemarekin, guk ur hertzetik ikusten dugunaz gain, goitik markatzen digutena egiaztetzen dugu", gaineratu du.
Informazio horrekin, eremu "ez ziurrak" markatzen dituzte. "Eremu horiek mugitu egiten dira, baina gutxi; ez dira egun batetik bestera mugitzen. Marearen arabera, ezkerrerago ala eskuinerago egongo dira", jakinarazi du Zubiak. Zentzu horretan, banderekin bainu eremuak nahiz itsas kiroletara bideratutakoak zehazten dituzte, "guztien arteko elkarbizitza bermatuz".
Baliabide aldetik, Gurutze Gorriko hondartzako denboraldirako lan taldea uneoro 21 pertsonek—guztira, denboraldi osoan 45-50 pertsona ariko dira lanean— osatuko dute: 15 soroslek; portuko zaintzaile bat; uretako motorreko gidari bi; anbulatziako gidari, erizain eta gidari bana; quad, anbulantzia eta uretako motor bana; 5 desfibrilagailu; 15tik gora irrati; beste komunikazio sistema bat eta megafonia sistema.
Horren osagarri, ezintasunen bat dutenentzat zerbitzua ere eskaintzen dute. Hondartza guztientzat erabilgarri egiteko, makuluak, orotariko aulkiak eta bainua hartzeko aukera daude guztien eskuragarri. "Olatuak-eta daudenean, askotan bainua hartzeko zailtasunak izaten dituzte batzuk. Iaz bezala, aurten ere talde moduan antolatzen direnek sorosle baten zaintzapean bainatzeko aukera izango dute.
San Martinek hondartzako erabiltzaile guztiei eskatu die sorosleekiko nahiz beste erabiltzaileekiko errespetua izateko. "Jakina da gure hondartzan zurrubilo asko izaten direla, eta kontu handiz hartu behar ditugu neurriak". Horren aurrean, banderak errespetatzea "beharrezkoa" dela gaineratu du, eta baita sorosleen adierazpenei kasu ematea ere.