Urrak jantzi du txapela, Izeta II.ak agurra iragarri duen egunean

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 4a

Zarauztarra nagusitu zaio aiarrari Azpeitian jokatu duten II. Pastorkua Memorialaren finalean. Urrezko Aizkoraren banakako final nagusian, berriz, Aitzol Atutxa izan da irabazlea.

Izeta II.a eta Urra, finaleko azken saioa bukatu berritan. (Mailo Oiarzabal) Urrezko Aizkoraren Banakako Txapelketaren finalak jokatu dituzte gaur eguerdian Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Eta, haiekin tartekatuta, harri-jasotzaileen II. Pastorkua Memorialaren finala ere jokatu dute. Bertan, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aiarrak eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak neurtu dituzte indarrak. Beteranoa eta gaztea, maisua eta ikaslea aurrez aurre, eta bigarrenarentzat izan da txapela. Urraren garaipenaren adinako albistea eman du, ordea, Izeta II.ak: finaleko azken saioaren aurretik, Luis Mari Bengoa antolatzaileak elkarrizketatu du eta gaurkoa beretzat azken txapelketa izan dela iragarri dio Aiakoak. Erakustaldietan-eta jarraituko duela esan du, uda ondorenerako marka ahalegin bat prestatzen ari dela ere bai, baina ez duela gehiago txapelketetan eta lehiaketetan parte hartuko. Beste txapel bat Atutxarentzat Urrezko Aizkoran, Aitzol Atutxa Atutxa II.a izan da beste behin irabazlea. Iker Vicente nafarrak nahikoa estu hartu badu ere, Dimakoak irabazi du txapel nagusia, iaz bezala. Ugaitz Mugertza Mugertza II.a izan da final nagusian hirugarren, eta Jon Rekondo laugarren. Joxe Migel Peñagarikano beizamarrak jantzi dio txapela Atutxari, orain dela 20 edizio Urrezko Aizkoraren lehen txapelketa irabazi zuela gogora ekarrita. Aurten lehen aldiz, emakumeek ere jokatu dute Urrezko Aizkora. Gaurko finalean, Iruñe Izkuek jantzi du txapela, Nerea Sorondori buruz burukoan irabazita. Beste bi txapel ere banatu dira: 19 urtez azpikoetan Ioritz Gisasola Zelai III.ak jantzi du txapela, Xuban Kañamaresi aurrea hartuta; eta 23 urtez azpikoetan, Joxean Etxeberria gailendu zaio Oier Kañamaresi. Izarraitz frontoian gaur jokatu diren finaletako argazki gehiago ikusgai daude Uztarria.eusen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide