Turismo zinegotzi Ixidor Larrañaga, Turismo bulegoko bi kideekin batera (Aritz Mutiozabal).
Turismoko plan estrategiko berria lantzeari ekin dio Udal Gobernuak, herrian zer motatako turismoa sustatu eta erakarri nahi den zehazteko. "Zarautzen baliabide ugari dugu, dela hondartza eta mendia dela herrigunea, eta, azkenean, horrekin guztiarekin eskaintza bat sortu nahi dugu", nabarmendu du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak.
Gura Markert In enpresarekin ari dira hori guztia lantzen, "batez ere, jakiteko nondik nora goazen eta bide bat markatzeko". Aipatu enpresako ordezkariak herriko hainbat talde nahiz eragileekin –Murkil dendarien elkartearekin eta Zurekin ostalarien elkartearekin, besteak beste–, Turismo bulegoko kideekin eta udal taldeekin elkartzen hasiak dira. Azkenean, ehundik gora lagunekin bilduko dira, bakoitzaren ikusuntua jasotzeko asmoz.
Horrez gain, parte hartze prozesu bat zabalduko dute, eta herritarrek ere beraien iritzia emateko aukera izango dute. Lanketa egiten ari den enpresa Turismo bulegoan izango da, eta herritar orok galdetegi bati erantzun ahal izango diote. Hiru egunez izango dira; ekainaren 5ean, 12an eta 19an, 15:30etik 19:00ak arte. Era berean, Zarauzko Udalaren webgunean eskuragarri dago galdetegia, eta berau sarean bete daiteke. Erantzunak modu anonimoan jasoko dituztela nabarmendu dute.