Zarauzko Athleticeko zaletu taldeko kideak San Mames zelaiaren aurrean (Zarauzko Athletic Zaleak).
Gipuzkoa Zuri-Gorri Gipuzkoako Athletic zaleen topagunea egingo dute igandean, Zarautzen, eta 180 lagun inguru biltzea espero dute antolatzaileek. Egun osoko jaia izango da, eta Gipuzkoa Zuri-Gorri Saria emango diote Joxe Angel Iribar atezain ohiari, «Athleticen jokalari erreferentea izan baita zarauztarra». Horrez gain, Athletic taldean jokatutako zarauztarrei aitortza ere egingo diete: Salvador Etxabe Txorten-i, Iñaki Txurrukari, Estanis Argoteri eta Maite Lizasori.
Gipuzkoako Athleticeko hamasei zaletu talde daude, eta iaz egin zuten lehen topaketa. «Gure artean harremana sendotzea da helburua, eta horretarako urtean behin biltzea adostu genuen. Lagunartean egun eder bat pasatzea da asmoa», azaldu du Asier Kortajarena Zarauzko Athleticeko zaletu taldeko kideak. Ekitaldiero Athletic futbol taldearekin zerikusia duen eragile edo pertsonak omentzen dituzte Gipuzkoako zaletuek. «Iaz Tolosan egin genuen lehen ekitaldia. Kalejira egin genuen herrian barrena, bazkaldu eta Athletic taldea bera omendu genuen lehen aldi hartan». Aurten, berriz, Zarauzko taldeak 25 urte betetzen dituela aprobetxatuz, zaletu taldeen eguna Zarautzen antolatzea aproposa iruditu zitzaien.