Xabier Txurruka: "Nik badaukat obsesio bat, eta da agindutakoa betetzen saiatzea"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2017ko ekainaren 1a

Bi urte bete berri ditu Zarauzko alkate gisa. Orain artekoa «funtsezkoa» izan dela dio, oinarriak jarri direlako datozen bi urteetan emaitzak ikusteko. «Proiektu zaparrada» batekin amaitu nahi du agintaldia.

Xabier Txurruka alkatea, ireki berri duten Igerain-Gaineko parke estalian. (Aritz Mutiozabal) Alkatetzara heldu aurretik esan zenuen asmoa zela gobernu eraginkorra osatzea, Zarauzko behar nagusiei erantzun eta proiektu estrategikoak garatzeko. Bai, eta duela bi urte esan genituenak indarrean jarraitzen dute, hasieratik ikusten genuelako Zarautzek bazuela bultzada horren beharra. Gobernu eraginkor bat osatzeko asmoarekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, hau da, erabakiak hartzeko gaitasuna izan eta horiek martxan jartzeko kapaza izango zen gobernua osatzeko. Horretan murgildu ginen buru-belarri eta hor daude egin ditugunak. Guri ez dagokigu balorazio zuzena egitea, baina herritar asko eta asko gerturatu zaizkigu gauzak egiten ari garela  esatera. Hori entzutea benetan eskertzekoa da, udalera iritsi orduko lanean aritu garelako. Izan ere, lehen bi urte hauek funtsezkoak izan dira, oinarri sendoak jarri eta datozen bi urteetan emaitzak ikusteko. Halaber, esan zenuen etxebizitza alorrean Zarautzek «estutu» bat behar zuela. Estutu hori eman al diozue? Udalera heldu ginenean, etxebizitza plana zehaztu genuen. Bertan jaso genuen agintaldi honetan gutxienez 250 etxebizitza sustatuko zirela, eta horietatik 190 babestuak. Orain arte bistakoa den bakarra da Aldapetako etxe tasatuak zozkatu direla. Baina, atzetik lan asko egin da: proiektuak garatu behar izan ditugu, oraindik urbanizazio proiektua onartzeko daukagu... Mamia gauzatu da: 30 interesdunek jakin dute etxeetako bat tokatu zaiela. Aukera izan dute prezio duin batean etxe tasatu bat jabetzan lortzeko. Prezio duinean esaten dudanean, erreferentzia batzuk eman nahiko nituzke. Tristea da horrela esatea, baina Zarautz da bigarren eskuko etxebizitzen metro koadroa garestien duen estatuko herria. Zozkatu diren etxebizitza hauek batez besteko prezio horren erdian salduko dira. Garestiak izan daitezke poltsiko batzuetarako, eta horregatik aukerak zabaldu nahi ditugu. Hala, Aldapeta bukatzean, babes ofizialeko 20 etxe emango ditugu alokairuan. Salberdinen ere sustatuko ditugu babes ofizialekoak, merkeago. Hori da gure hurrengo erronka. Finkatu ditugu oinarriak, etadatorren urtean ikusiko dugu Aldapetako obra hasten. Salberdinen helburu bera dugu: 2018an zozketa burutu eta 140 etxeak eraikitzen hastea, alegia. Elkarrizketa osoa irakurtzeko: Zarauzko Hitza

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide