Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia
Talde politiko guztiek babestu dute emakumeen eta gizonezkoen berdintasunerako udal ordenantza. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak adierazi du "oso garrantzitsua" dela ordenantza, "jaio delako udalean geratzeko, denboran zehar aurrera jarraitzeko eta berdintasun bidea jorratzeko". Elhuyar enpresarekin landu dute udal ordenantza, eta "lanketa inportantea" izan da: "Parekidetasuneko arduradun naizen aldetik, oso pozgarria da niretzat, hasieratik nire helburuetako bat izan delako halako ordenantza bat garatzea".
Haren arabera, ordenantzan finkatzen dira udaleko sail guztiek berdintasun politikan jarraitu beharreko irizpideak. "Sail guztietan izango du eragina eta baita herritarrengan ere", zehaztu du. Ordenantza "aurrerakoia eta feminista" da: "Berdintasunaren kultura bultzatzea da ordenantza honen helburua eta oinarritzat dauka herriko errealitatean aldaketak egiteko borondate politikoa. Era berean, jarduera molde berdintzaileak bultzatu eta arautzeko sortu da, hala administrazio mailan, nola gizarte mailan". Halaber, justizia soziala, gizartearen jasangarritasuna eta zarauztar guztien bizi kalitatearen hobekuntza sustatuko ditu, Vazquezek jakinarazi duenez.
Enpresa munduan ere aldaketak bultzatzeko bidea irekitzen duela dio, udalak egiten dituen kontratuen bidez. Gai hori "oso garrantzitsua" dela adierazi du, eta zentzu horretan, indarra eman nahi izan diotela 36. artikuluari: "Bertan jaso da kontratuaren esleipendunak nahitaez bermatu beharko duela emakume eta gizonezkoen berdintasuna, arreta jarririk soldaten bereizkerian". Hala, klausula horren bidez, udala enpresak kontratatzean diskriminazio sexistak ekiditen ari da. "Hau funtsezkoa da berdintasuna bultzatzeko eta emakumeen eskubideak errespetatuarazteko. Finean, legea betearazteko".