Tximas zena omentzeko jaialdia egingo dute larunbatean

Aritz Mutiozabal 2017ko maiatzaren 26a

Ixidro Laskibar, Tximasen anaia (Aritz Mutiozabal). Arraio Irratiaren 11. urteurrenaren harira, Xabier Laskibar Tximas zena gogon hartzeko jaialdia antolatu dute. Merezitako omenaldia «gehienbat, bere inguruko jendeak bultzatuta» etorri dela adierazi du haren anaia Ixidro Laskibarrek. «Bera oso pertsona aktiboa zen. Beti zebilen bizpahiru proiektutan murgilduta, eta horrek lagunarte handia utzi du, bai musika munduan bai surf munduan». Anaia zendu eta denbora gutxira, whatsappeko Tximas izeneko taldetxo batean barneratu zutela dio Laskibarrek. «Bere lagunek sortu zuten, eta haren omenez zerbait antolatu behar zela komentatzen hasi ziren». Duela hiru urte OK Korral taldeko abeslari Lou Olangua zenaren omenezko jaialdia antolatu zuten Putzuzulon, Arraio Irratiaren beste urteurren festa batean – bertan, Tximasek bateria jo zuen OK Korralekin–, eta oraingo honetan ere formatu bera errepikatzea erabaki dute. Tximas Concert jaialdia bihar egingo dute, 19:00­etan hasita, eta, guztira, dozena bat taldek hartuko dute parte: Arakajun, Alligaitors, Saturday Morning Band, Bluestock, Javier Sun, Tofu, Kiowak, Offni, Pariak Bai, The Ribbons, DJ Nash eta OK Korral. Talde horietako askotan jo edo kolaboratu zuen Tximasek, eta besteekin, berriz, adiskidetasunak lotzen zituen. Bakoitzak emanaldi laburra eskainiko du, eta ezustekoak ere izango dira taula gainean. Kontzertuez gain, Arraioko kideek bideo bat landu dute ekitaldirako. Jaialdia «lagunarte fidel baten» erantzuna dela uste du Laskibarrek: «Bere lagunak hori adierazteko gogoz daude, eta nik uste dut batek baino gehiagok duen guztia emango duela larunbatean. Kontzertuak prestatzen ari dira buru-belarri. Batzuk jada ez dute jotzen eta hilabeteak daramatzate entseatzen. Bero-bero dator». Tximas gogoan izateko festa bat izango da, eta nostalgiak nolabaiteko presentzia izango badu ere, modu alai batean ospatu nahi dute. «Ilusioz eta gogotsu gaude. Sekulako gaua izango da». Sarrera doan izango da, eta borondatea baino ez dute eskatuko dute. Era berean, jaialdia streaming bidez emango dute zuzenean. Tximas Concert Bihar, Maiatzak 27. Putzuzulo gaztetxean 19:00. Arakajun. 19:30. Alligaitors. 20:00. Saturday Moning Band. 20:30. Bluestock. 21:00. Javier Sun. 21:30. Bideo emanaldia. 22:00. Tofu. 22:20. Kiowak. 22:50. Offni. 23:20. OK Korral. 23:50. Pariak Bai. 00:40. The Ribbons. 01:40. DJ Nash. Webgunea Tximas Concert jaialdia iragartzeko webgunea sortu dute antolatzaileek, tximasconcert.nirestream.com izenekoa. Bertan, parte hartuko duten taldeen bideoak eta entseguak ikus daitezke. Gainera, jaialdia zuzenean emango dute streaming bidez.

«Polifazetikoa eta autodidakta zen»

Joan den irailaren amaieran zendu zen Xabier Laskibar ‘Tximas’, hamar urtez esklerosi anitzaren aurka borroka egin ondoren. Musikari lotuta pasatu zuen bere bizia, hainbat talderekin elkarlanean. Tximas
Gaixotasun luze baten ondorioz, irailaren 27­an hil zen Xabier Laskibar Tximas musikaria, 50 urte zituela. Esklerosi anitza topatu zioten duela hamar urte inguru, eta bi urte ge­hiagoz musika jotzen jarraitu bazuen ere, «laster eskuak huts egiten hasi zitzaizkion, eta baketak eskuetatik erortzen», gogora dakar anaiak. Hortik aurrera, grabazioren bat edo beste egin zituen, eta «gero, jada, gaixotasuna degeneratzen joan zen eta oso azkar, gainera. Tratamenduek ez zioten eraginik egiten, eta orduan beherakada gogorra izan zuen». Amaia Laskibar arrebak hartu zuen haren osasuna aurrera eramateko ardura, eta egin duen lana «ikaragarria» izan dela azpimarratu du, eta «benetan eskertuta gaude». Izan ere, «egoera etxean bizi arte ez da jakiten noraino iristen diren gaixotasun hauek». Izaera handiko pertsona zen Tximas, eta bere buruarekin oso zorrotza: «Bere burua ezinduta ikustea oso gogorra izan zen berarentzat». Anaiak uste du agur esatea zintzilik geratu zitzaion zerbait izan zela. «Azken urtetan bere burua horretarako prestatzen ari zen, baina uste dut ez ziola denborarik eman». Musika bidaide 80ko hamarkada bukaeran Kiowak taldean hasi zen bateria jotzen, Iñaki Brakamonte eta Fermin Iraola lagun zituela. Taldeak disko kolektibo batean hartu zuen parte, Julio Kageta, SS-77 eta Pottoka taldeekin. Oihuka argitaletxeak kaleratu zuen 1990­ean, eta Kiowaken Bizitza aurrera doa eta Dirua jainko abestiak jaso zituen. Horrez gain, Mikel Laboaren omenezko Txerokee diskoan hartu zuten parte urte horretan, Baga, biga, higa abestiaren moldaketa eginez. 90eko hamarkada bukaeran, Arakajun taldea sortu zuen Tximasek, Brakamonte eta beste musikari batzuekin batera. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik, bi disko eman zituzten argitara: Arakajun (1998) eta Festa (2001). Horrez gain, hainbat taldetan jo eta beste batzurekin kolaboratu zuen; Bluestock eta Pariak Bai taldeekin, esaterako. «Oso polifazetikoa zen eta autodidakta», nabarmendu du haren anaiak. «Garai batean surfa egiten hasi zen eta hemen materiala oso garestia zenez, bere kabuz hasi zen taulak egiten». Musika tresnak egiten eta sortzen ere iaioa zen; adibidez, berak sortutako kontrabaldea –balde batekin eginiko kontrabaxua– erabili izan zuten Arakajun taldean. «Aparte, bere lehen bateria ere berak egin zuen, eta jaialdian erabiliko duten bateria ere berak egina da», jakinarazi du. Musikaren alor guztiak jo zituen: instrumentuak egin, grabaketak, abestiak sortu... «Lana egiten zuen bizitzeko, baina hura bukatzen zuenean, musika zen bere bizitza. Ongi pasatzeko egin zuen musika».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide