Ezkerretik, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia, Joxe Lizaso ZZEko ordezkaria eta Realeko Imanol Gurrutxaga.
Igandean izango da zikloturisten urteroko hitzordua: Zarautz-Zarautz klasikoa. Aurtengoan, gainera, berrikuntzekin dator. Batetik, Haimar Zubeldia txirrindulariari omenaldia egingo diote, bere ibilbide profesionalagatik eta baita «meritu pertsonalengatik» ere. Zarauzko bizilaguna 1997an hasi zen profesional mailan lehiatzen Euskaltel-Euskadi taldearekin, 20 urte inguru zituela. 2009an Astana taldeak fitxatu zuen eta urtebeteren buruan RadioShack-ek—egun Tek Segafredo dena—, Alberto Contador eta Lance Amstrong txirrindulari entzutetsuen taldeak.
15 aldiz hartu du parte Frantziako Tour-ean, eta 5 alditan sailkatu da lehen 10 postuetan. World Tour-eko beteranoena da, ia 20 urtez profesional mailan aritu ondoren. «Pentsatu genuen polita izango zela erretiratu aurretik egitea omenaldia», nabarmendu du Joxe Lizaso Zarauzko Zikloturista Elkarteko ordezkariak.
Horrez gain, giza balioak ere aitortuko dizkiote Zubeldiari. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak gogoratu duenez, bera izan zen Mobibike Egunaren bultzatzaileetako bat, Markel Irizar taldekidearekin batera. «Zubeldia errespetatua eta maitatua da, gizatasun handia duelako. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen alde egindako lana txalogarria da», dio Larrañagak.
Horregatik, herritarrak 14:00ak aldera, zikloturista martxa amaitutakoan, Lege Zaharren plazara bertaratzera gonbidatu ditu, Zubeldiak «merezi duen babesa eta beroa emateko». Hainbat sorpresa izango dira ekitaldian.
Bestalde, Turismo zinegotziak eskerrak eman dizkie orain arte klasikoan parte hartu dutenei: «30 urtez Pedro Larrañaga aitaren omenez egin da irteera. Urtero-urtero harro sentitzeko modukoa izan da hori».