Zarauzko Plasticos Urteta enpresako langileek lanuzteak hasi dituzte hitzarmen propio baten alde

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko maiatzaren 24a

Iazko azarotik lan hitzarmena negoziatzen ari dira Plasticos Urtetako enpresako nagusiak eta langileak

Zarauzko Plasticos Urteta lantegiko langileak gaur elkarretaratuta. (Aritz Mutiozabal/ Hitza) Maiatzaren 17an hasi zituzten mobilizazioak Zarauzko Plasticos Urteta enpresako langileek; ordubetez eten zuten lan jarduna orduan. Gaur, berriz, lau orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte. Iazko azarotik lan hitzarmen propioa ari dira negoziatzen enpresa eta beharginak, baina ez dute adostasunik lortzen. "Kimikako lan hitzarmen estatala dagokie berez, baina hori oso eskasa da. Horregatik, hobekuntza batzuk eskatzen ditugu enpresaren beraren jarduna kontuan hartuta. Hobekuntzak soldatetan, baldintzetan, bajetan... eskatzen ditugu", azaldu du Zigor Gazpio Urola Kostako ELAko enpresa txikietako arduradunak. Duela bi astetik negoziazioak geldirik daude, eta enpresak azkena egindako proposamena ez dela nahikoa uste dute beharginek. Horregatik, mobilizazioak hasi dituzte. Sindikatuko ordezkariaren arabera, orain dela bi aste aurkeztu zien azken proposamena enpresak beharginei: “Proposamen hori ez dela nahikoa iritzi dio langile taldeak, eta, bestelakorik ezean, mobilizazioak hastea erabaki dute beharginek. Enpresaren aldetik negoziazioak aurrerapenik ez du momentu honetan”. Gaur, asteazkena, lau orduko lanuztea egin dute Plasticos Urteta enpresako langileek. Eta, enpresaren aldetik proposamen hobeagorik ez bada, datorren asteazkenean (maiatzak 31) egun osoko greba egitea aurreikusita dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide