Azpeitiko ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. (Elkar-ekin)
Elkar-ekinek eta Azpeitiko ikastetxeek
Keinu bat errefuxiatuei egitasmoa prestatu dute astebururako. Errefuxiatuek bizi duten "injustizia" salatzeko ekitaldi bana egingo dute ostiralean eta zapatuan. "Lotsaz bizi dugu gertatzen ari dena, eta gure desadostasuna erakutsi eta presazko irtenbide duinak aldarrikatu nahi ditugu", azaldu dute Elkar-ekineko kideek.
Haiek esan dutenez, harresien eta errefuxiatuen kopurua "ikaragarri" igo da azken urteotan, baina "nekez neur daiteke pertsona horiek jasaten ari diren sufrimentua". Egoera salatzeko eta gaia gizarteratzeko, harresi bat eraikiko dute Azpeitiko plazan. Ikastetxeetan errefuxiatuen gaia ari dira lantzen aste honetan, eta ikasle batzuek plazako harresia apainduko dute ostiralean.
Larunbaterako, berriz,
Zapalkuntzaren harresiak elkartasunez apurtu ekitaldia prestatu dute. Plazan izango da, 19:00etan hasita.
Azoka solidarioa
Hotz Zarautz elkarteak antolatuta, azoka solidarioa izango da larunbatean eta igandean Zarauzko itsas pasealekuan. Elkartasun azoka 10:00etatik 20:00etara egingo dute, eta biltzen duten dirua, besteak beste, Itsas Salbantua-Zaporeak, Cafe Rits eta En Red SOS Refugiados proiektuetara bideratuko dute.
Hainbat produktu eskuratu ahalko dira bigarren eskuko azokan, hala nola objektu apaingarriak, arropa edo altzariak. Material bilketa maiatzaren erdi aldean egin zuten Zarautzen.
Erakusketa, Zarautzen
Aralar alderdiaren Ezkerraberri fundazioak
Bigarren mailako errefuxiatuak, hemen ahanztura bizi den tokian erakusketa prestatu du. Antonio Ortizen argazkiak ikusi ahalko dira ekainaren 11ra arte Euskalduna tabernan, eta errefuxiatuek bizi duten egoera islatuta ikus daiteke erakusketan bildutako irudietan.