400 ikaslek hartu zuten atzo Ekinaz Egunean, hondartzan (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Ekitaldi berezia egin zuten atzo hondartzan, Bioaniztasunaren Nazioarteko Egunean: herriko ikastetxe guztietako DBH eta lanbide heziketako 400 bat ikaslek mikroplastikoak jaso zituzten hondarretatik. Hala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ingurugelak abian jarritako Aztertuz programaren barruan,
6. Ekinaren Eguna ospatu zuten. La Salle, Antoniano, Lizardi eta Salbatore Mitxelena eta Monte Albertiako ikasleek, bosteko taldetan banatuta eta ur baldeekin zein iragaziekin lagunduta, hondartzako 1.600 metro inguru araztu zituzten, 08:00etan hasi eta 17:00ak bitartean.
Hondartza garbitzeaz gain, ekitaldiak beste helburu bat ere bazuen: mikroplastikoen eragin negatiboaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea, hain zuzen ere. Horretarako, postu bat atondu zuten itsas pasealekuan, Dama parean, zarauztarrei informazioa helarazteko.
Norbere ardura
Bertan izan ziren Iñaki Arriola Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua, Xabier Txurruka alkatea eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia. Hirurek nabarmendu zuten egitasmoaren garrantzia. Arriolak adierazi zuen "beharrezkoa" dela herritarrak kontzientziatzea: "Ezinbestekoa da herritarrak dituzten ohiturez jabetzea. Izan ere, plastikozko poltsa bat itsasora edota ibaietara botatzen badugu, gerora degradatzen joaten da, hondarrarekin nahasten da eta oso zaila da desagerraraztea. Horrek sekulako kaltea eragin diezaioke itsas aberastasunari". Horregatik, norberak bere alea jarrita, guztion artean ingurunea garbi mantentzen lagun daitekeela nabarmendu zuen.
Txurrukak gogoratu zuen hondartza Zarauzko "harribitxia" dela, eta horregatik guztien "ardura" dela garbi mantentzea. Adierazi zuen egunero garbitzen dela makinekin, baina gai txikiak gera daitezkeela hondarretan. "Gure esku dago gure altxorra garbi mantentzea".
Bioaniztasunaren ikuspegitik, atzokoa bezalako ekimenak "oso garrantzitsuak" direla gaineratu zuen Vazquezek, "herritarrek kontzientzia hartu eta sentsibilizatzeko" baliagarriak direlako. Horregatik, Ingurumen zinegotziak eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari, "Ekinaren Eguna ospatzeko aurten Zarautz aukeratu izanagatik".
Jon Urretxa: "Osasuna, ekologia eta ekonomia kaltetzen dute"
Aztertuz programako arduradun Jon Urretxak mikroplastikoen eragin kaltegarriaz aritu da UROLA KOSTAKO HITZArekin.
Zer kalte egiten diote mikroplastikoek ingurumenari?
Orain arte jakin bagenekien plastikozko gaiek kalte ekologiko larriak eragiten dituztela, besteak beste, izaki bizidunen heriotza ekartzen dutela. Dortokek, esaterako, poltsak jaten dituzte marmokak direla uste dutelako, eta horren ondorioz, ito egiten dira. Baina are larriagoa da kaltea; izan ere, plastiko horiek eguzkiaren eta olatuen ondorioz txikitzen joaten dira, mikroplastiko bihurtzeraino.
Eta zer gertatzen da horiekin?
Animalia txikiagoak jan egiten dituzte, mikroplanktonak eta izkira txikiek, kasu. Mikroplastikoak horien organismoan geratzen dira, eta kate trofikoa jarraituz, izakiz izaki pasatzen joaten dira toxinak. Hala, gizakien osasunari ere kalte egiten diote mikroplastikoek, kate trofikoaren bukaeran gu gaudelako. Orain arte bagenekien metal pisutsuek eragin hori zutela geuregan. Merkurioa, beruna... Hegaluzeetan-eta aurkitu daitezke, eta horiek jaterakoan, geure gorputzean buka dezakete. Orain gutxi jakin da gauza bera gerta daitekeela mikroplastikoekin.
Izaki bizidunak kaltetzeaz gain, bestelako kalteak ere eragiten dituzte mikroplastikoek, ezta?
Bai, eragin bisuala nabaria da, eta baita ekonomikoa ere, mikroplasikoak erretiratzeko garbiketak egin behar direlako. Era berean, istripuak eragin ditzakete, itsasontzietako helizeetan nahiz sareetan kateatu daitezkeelako.
Nola bukatzen dute mikroplastiko horiek itsasoan edota ibaietan?
Hainbat bidetatik ailegatzen dira. Gehiengoa, ez ditugulako behar den lekuetan botatzen. Kasu batzuetan nahigabe ere izan ohi da; hondartzan gaudela haizeak hondakinak eraman ditzaketelako, adibidez. Uholdeak daudenean ere gertatzen da, ibaiek herrestan eramaten dutelako inguruan dagoen ia-ia guztia. Gai horiek ere itsasoan amaitzen dute. Horrez gain, hondakin isurketengatik ere izan ohi da. Askotan aurkitu izan ditugu belarriak garbitzeko zotzak hondarretan. Zergatik? Bada, komunetik behera botatzen ditugulako, edukiontzira bota beharrean.