II. Xake Festaren aurkezpen ekitaldia, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan (Aritz Mutiozabal).
«Iaz historia egiten hasi ginen Eskolarteko Xake Festa lehen aldiz antolatuta, eta aurten jarraipena emango diogu. Ziur nago ekitaldi hau erreferente bilakatuko dela eskola kirolaren barruan». Baikortasun osoz aurkeztu du Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantesek Eskolarteko II. Xake Festa. Asteburuan ospatuko dute, gaurtik hasi eta igandea bitartean, baina egunik nagusiena biharkoa da, txapelketaren eguna.
«Iaz, lehen urtea izateko, parte hartze kopuru handia izan genuen, eta, egia esan, oso pozik geratu ginen izandako emaitzarekin. Aurten, bigarren urtea izanda, kopuru hori areagotzea dugu helburu. Baina ez hori bakarrik, toki ezberdinetako jendea etortzea gustatuko litzaiguke», nabarmendu du ZKEko xake ataleko arduradunetako bat den Ander Zulaikak. Momentuz, izen-emateak martxa onean doaz, eta iazko parte hartze kopurura iritsi dira. Lehenengo urtean 150 bat gaztek hartu zuten parte, eta aurten parte hartze mugara –200 lagunetara– heltzea espero dute antolatzaileek; izena doan eman daiteke xakefestazarautz.com webgunean. «Optimistak gara», dio Zulaikak.
Txapelketa Orokieta Herri Eskolan jokatuko da, 10:00etatik 18:30era, hiru mailetan bereizita: benjaminak, kimuak eta infantil-kadeteak, alegia. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria. Egunean zehar, gainera, bestelako ekintzak ere izango dira: hitzaldiak, magia ikuskizuna eta bazkaria.