Azpeitian Mendi Tour jaialdia Kulturaz kooperatibaren, Sokaitz eskalada elkartearen, Lagun Onak Mendi Mendi Bazkunaren eta Paradisu Zinema zineklubaren artean antolatu dute. (Maialen Etxaniz)
Bilbao Mendi Festibaleko azken edizioko lanik onenak ikusteko aukera izango da Azpeitian eta Zarautzen. Zarauzko Pagoeta mendi elkartea jaialdiko zirkuituan sartu berri da, eta Pagoetako egunaren aurretik antolatu ohi dituen Mendi Emanaldien egitarauaren barruan eskainiko ditu ikus-entzunezkoak maiatzaren 18an eta 24an.
Aurretik, ordea, Eskalada basatiak Turkian izeneko emanaldia antolatu du Zarauzko mendi elkarteak gaurko. 20:00etan izango da Txiki Polit tabernan. Saio hori Gorka Lertxundi zarauztarrak eta Alberto Fernandezek aurkeztuko dute.
Hirugarren urtez Azpeitian
Azpeitiko Soreasu antzokira, berriz, maiatzaren 23an eta 25ean iritsiko da Mendi Tour jaialdia. Guztira, sei film eskainiko dituzte bi saiotan, hiru pelikula egun bakoitzean. Kulturaz kooperatibak, Sokaitz Azpeitiko eskalada elkarteak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Paradisu Zinema zineklubak elkarlanean antolatu dute jaialdia, hirugarren urtez jarraian.
Mendi Tourreko emanaldiek orain arte "erantzun ona" izan dutela uste dute antolatzaileek, eta aurtengoan ere hala izan dezaten nahi dute. Aurreratu dutenez, "kalitate handiko" ikus-entzunezkoak izango dira ikusgai aurtengo jaialdian, tartean sari nagusia jaso zuen pelikula. "Iaz ezin izan genuen pelikula irabazlea eskaini, egile eskubideak tarteko, baina aurtengoan posible izango da", azaldu du Kepa Urbietak. Freedom under load filma da sari nagusia jaso duena. Julen Goenaga Sokaitz eskalada elkarteko kideak nabarmendu duenez, "film onak datoz", eta, horregatik, dei egin die herritarrei mendi zinemaren jaialdian parte har dezaten. Azpeitiko Mendi Tourreko emanaldien antolatzaileek jaialdia egiteko udalak emandako laguntza eskertu dute.
Lagun Onak Mendi Bazkunak urtero antolatzen duen Mendi Astearen barruan antolatu dute Mendi Tour jaialdia aurtengoan ere, hirugarrenez.
Mendizaleek Txalintxoko egunarekin hasiko dute Mendi Astea hilaren 21ean; bukatu, berriz, Xoxoteko egunean, maiatzaren 28an.
Mendi Tour
Zarautz
Maiatzak 18, osteguna.
Annapurna III-Unclimberd (euskarazko azpitituluekin),
Boys in the Bugs (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko eskaladako film onena),
Crossing Home: A skier’s Journey (euskarazko azpitituluekin) eta
Akabuko Matxea (euskaraz, Aitor Gisasolak aurkeztuta). 20:00etan izango da, Modelo aretoan. Sarrera 3 euro.
Maiatzak 24, asteazkena.
EBC 5.300 m. (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko film laburrik onena),
Incognita Patagonia (azpitituluekin eta euskaraz. Eñaut Izagirrek aurkeztuta),
Freedom Under Load (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko sari nagusia. Euskarazko azpitituluekin). 20:00etan, Modelo aretoan. Sarrera 3 euro.
Azpeitia
Maiatzak 23, asteartea.
Boys in the bugs (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko eskaladako film onena. Euskarazko azpitituluekin),
Dodo’s delight (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko kirol eta abentura film onena) eta
Blocheads (eskaladaren ingurukoa). 21:00etan, Soreasu antzokian. Sarrera 5 euro izango da. Bi egunetarako bonoa 8 euro kostatzen da, eta, aldez aurretik, Sanagustin kulturgunean edo Lagun Onak MBren elkartean eros daiteke.
Maiatzak 25, osteguna.
Freedom under load (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko sari nagusia jaso zuen. Euskarazko azpitituluekin),
Jean Troillet, Toujours aventurier (2016ko Bilbao Mendi Film Festibaleko Ikuslearen Saria jaso zuena) eta
Annapurna III-Unclimbed (Alpinismoaren inguruko filma). 21:00etan, Soreasun. Sarrera 5 euro da. Bi egunetarako bonoa 8 euro da, eta, aldez aurretik, Sanagustin kulturgunean edo Lagun Onak MBren elkartean eros daiteke.