130 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte Zarauzko Herri Lasterketan

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko maiatzaren 6a

A 3 el km elkarteak antolatuta, igandean jokatuko dute Zarauzko Herri Lasterketa, 11:00etan Musika plazatik hasita.

Ibai Berazierto antolatzailea (ezkerretik bigarrena), Adel Mechaal 3.000 metrotako Europako txapelduna, Asier Cuevas 100 kilometrotan munduko txapeldunordea eta Olinpiar Jokoetarako txartela lortu duen Paula Gonzalez Berodiarekin Dagoeneko 130 lagunek baino gehiagok eman dute izena bihar Zarauzko Herri Lasterketan parte hartzeko. Parte hartzaileek 8,5 kilometro egin beharko dituzte korrika, udalerri osoari buelta emanez. Korrikalariek askotariko eremutatik igaro beharko dute, beraz: bidegorria, biotopoko pista, malekoia, errepidea... Musika plazatik abiatuko dira lasterkariak, 11:00etan hasita. Salbide inguratu eta Herrikosoro gurutzatuko dute gero, Astiri itzulia eman eta Gipuzkoa kaletik biotopora helduko dira. Handik malekoi osoa egin ondoren, abiapuntuan, Musika plazan amaituko da proba. Oraindik ere izena eman ez dutenek badute horretarako aukera, herrikrosa.eus atarian, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da Txiki Polit jatetxean, baina 13 euro ordainduta. Lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Era berean, opariak izango dira parte hartzaile guztientzat eta hainbat zozketa ere egingo dituzte.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide