Hamargarren urtez ospatuko dute aurten Zarauztik Mundura kultura aniztasunaren jaia, eta urtemugari erreparatuz, «tradizio bihurtzeko bidean» dela nabarmendu du Julen Aranguren Zarauzko Udaleko Immigrazio teknikariak. «Herria kolorez zipriztindu dela erakustea da gure asmoa, kultura aniztasunaren erakusleiho izatea. Erakustea Zarautzen badirela beste herralde batzuetan jaiotakoak, hona bizitzera etorritakoak, eta gu bezain zarauztarrak direnak. Hori da, funtsean, jai honekin adierazi nahi duguna».
Zarauztik Mundura jaia 2008an jaio zen, herriak duen kultura aniztasuna erakutsi eta goraipatu nahian. «Guretzako kultura aniztasuna gure herriak daukan aberastasunik handienetakoa da. Zalantzarik gabe, babestu eta herritar guztiekin partekatu behar dugun zerbait da, eta horregatik festa honen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu», adierazi du Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak. Era berean, aniztasunaren jaia «zarauztar guztion jaia» izatea nahi dutela gaineratu du, «ez bakarrik kanpotik etorri direnena, baizik eta zarauztar guztiona».
Zarauzko bizilaguna da Luana Gonzalez mexikarra, aurtengo kartelaren egilea. Bere hitzetan, «kultura aniztasuna sustatzea» eta «bizilagun berriak herrian integratzea» dira ekitaldiaren helburuak. «Iruditzen zaigu helburu hauek ez direla bete bere osotasunean, eta oraindik elkar banantzen gaituzten hesi jakin batzuk daudela. Horregatik, iruditzen zaigu garrantzitsua dela jai hau ospatzea, anaitasun loturak, aniztasunarekiko errespetua eta elkarren arteko aberastasuna indartzeko».
Aniztasunaren jaia udalak antolatzen du, baina «herritarrekin eta herritarrentzat» egiten dutela azpimarratu du Arangurenek: «Gu bakarrik ariko bagina, jai honek ez luke zentzurik izango. Beraz, eskerrak eman behar dizkiegu urtero-urtero hau aurrera ateratzeko lanean aritzen diren guztiei, eta hamar urte hauetan aritu direnei ere».
Zorrozuak ere esker hitzak izan ditu hasiera-hasieratik kultura aniztasunaren jaia antolatzen ibili direnentzat. «Beraien parte hartzerik gabe ez litzateke posible izango jai hau kolorez eta herrialde ezberdinetako kulturez janztea».