Aimar Irigoien Gorostidi Harria txapelketan, igandean. (Ibon Errazu)
Igandean jokatu zen Adunako pilotalekuan XI. Gorostidi Harria Txapelketa, eta Aimar Irigoienek jantzi zuen txapela. Errezildarrak minutu bat eta 47 segundo behar izan zituen lanak egiteko. Gainerako txapelketa gehienetan ez bezala, Gorostidi Harria Txapelketan harri jasotzaileen abiadura hartzen da kontuan. Hau da, bost harri desberdin bina alditan azkarren altxatzen dituenarentzat izaten da txapela.
Igandeko proban 175 kiloko, 150 kiloko eta 160 kiloko zilindro zahar bana, 155 kiloko errektangular zaharra eta molde irregularreko 139 kiloko Erreka Harria jaso behar izan zituzten. Irigoienek horiek denak bitan altxatzeko minutu bat eta 47 segundo behar izan zituen. Iaz ere errezildarrak jantzi zuen txapela, baina orduko hartan denbora gehixeago behar izan zuen lanak egiteko; hain zuzen ere, bi minutu eta 25 segundo.
Jokin Eizmendi izan zen bigarren igandeko txapelketan, eta hamar jasoaldiak egiteko 3 minutu eta 6 segundo behar izan zituen. Hirugarrenak, Aimar Galarragak, berriz, 4 minutu eta 5 segundo. Laugarren Joseba Ostolaza izan zen (04:07), bosgarren Hodei Iruretagoien
Izeta IV.a zarauztarra (04:31), seigarren
Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a aiarra (04:33), zazpigarren Iban Ugartemendia (05:26) eta zortzigarren Xabier Aranburu
Guzta (05:48).
Txapelketaren bukaeran, parte-hartzaileetako inor ez zen ausartu 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin altxatzera.