Askapenako kideen agerraldia Zarautzen (Aritz Mutiozabal).
Askapenak Euskal Herriko erakunde internazionalistak 30 urte betetzen ditu aurten, eta garaiko eta egungo erakundeko hainbat kideek agerraldia egin dute gaur Zarautzen, lehen asanblada herrian bertan egin zutelako 1987an. «Urteak pasa arren, Euskal Herri sozialista, feminista, euskaldun eta internazionalista baten alde borrokan jarraiten dugu», nabarmendu zuen Jesus Valenciak.
Orain arteko bideari jarraipena eman nahian, eta, bide batez, 30. urteurrena ospatzeko, Askapenak ekitaldi politikoa egingo du urriaren 7an Berriozarren, Borrokak uztartzen, herriok burujabe lelopean. Bertan, Euskal Herria internazionalista eraikitze bidean, «aurrerantzean lehentasunezkotzat» dituzten ildoen berri emango dute.
Urtemugarekin «herrion burujabetza» jarri nahi du erdigunean Askapenak, «ez baita proiektu askatzailerik, burujabetzaren aldarrikapenik gabe». Zentzu politikoan ez ezik, ekonomiaren, gorputzaren, elikaduraren, ekologiaren, hizkuntzaren eta hezkuntzaren gaineko «boterea eskuratzea» ere badela zehaztu du Izaskun Goienetxea kideak: «Burujabetza herri langileek bere interesak defendatzeko duten tresna garrantzitsuenetakoa da».