Zarauzko udaletxea.
Zarauzko Udalak eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratazio prozesua bertan behera utzi duela jakinarazi dute gaur ohar bidez Zarauzko Udal Gobernuko ordezkariek. Antza denez, pleguetako eranskinetan udal gobernuak erabakitako irizpideak ez ziren islatzen, eta, ondorioz, prozesua etetea erabaki dute.
Udaleko arduradunek azaldu dute pleguetan langileen subrogazio taulak berrikusi zituztela, eta 38 langileen subrogazio eskubidea errespetatzen zela, 41.960,20 orduko kontratua aurreikusiz. Ildo horretan gaineratu dute, lehiaketara atera zen kontratuak ordu horiek betetzen zituela.
Dena dela, jakinarazi dute pleguen onarpen eta argitaratze prozesuan, "udal gobernuak eraikin batzuen orduetan funtsezko desberdintasun batzuk zeudela" onartu zuela, besteak beste haurtzaindegi eta ikastetxeetan. Desberdintasun horiek egiaztatu ostean, udal eraikinen beharretara egokitzeko kontratazio prozesua bertan behera uztea erabaki dute.
Udaletik gogorarazi dute pleguetan 2016an enpresa eta langileen artean sinatutako hitzarmenari erreferentzia egiten zaiola. "Zerbitzuaren kalkulu ekonomikoek udalak garbiketako langile kolektiboaren soldata baldintzak mantentzearekin duen konpromisoa islatzen dute", nabarmendu dute.
Testuinguru horretan, Zarauzko Udal Gobernuak ez du ulertzen oposizioak "horrelako gai sentsible baten inguruko erabilera politikoa egitea". "Aurreko ostegunean jakinarazi zitzaien oposizioko alderdiei gobernuak pleguak berrikusiko zituela. Hala eta guztiz ere, EH Bilduk prentsa ohar bat publiko egin du, herritarrak nahasi nahian, beren interes politiko-alderdikoirako bakarrik", adierazi dute udal gobernutik.
Hondartza eraikineko igogailua
Bestalde, Zarauzko Udaletik jakinarazi dute, apirilaren 3an hasi zirela Hondartza eraikineko parkingean igogailua jartzeko lanak. Igogailuak sotoa itsas pasealekuarekin lotuko du. Modu horretan, udalak enkante bidez 119 plaza esleitu aurretik "hartutako konpromisoa bete" duela adierazi dute; eta jakinarazi dute igogailuak "bigarren sotoan dagoen ibilgailuak gordetzeko udal biltegirako irisgarritasuna erraztuko duela".
Ildo horretan, EH Bilduk igogailua jartzearen inguruan egindako kritikak "maltzurrak eta zentzurik gabekoak" iruditzen zaizkio udal gobernuari. "Ibilgailuak gordetzeko udal biltegian egingo den igogailu berria, eraikinen garbiketa zerbitzuko langileen lan baldintzekin lotzeak, gobernu honen kudeaketaren aurrean EH Bilduk duen gaitasun eza eta inpotentzia besterik ez du azaltzen", gaineratu dute Zarauzko Udal Gobernutik.